Hamabi zibil zendu dira Afganistanen, Helmand eskualdean, ibilgailu batean zihoazela mina batek eztanda eginda, iturri ofizialek esan dutenez. Hildakoak bi familiatako kideak dira, eta gehienak, emakumezkoak eta umeak.
Eskualde gatazkatsua da Helmand, NATOren (eta Afganistango segurtasun indarren) eta talibanen arteko borroka asko izaten direlako. Iturri ofizial haiek jakinarazi dute Afganistanen operazio baten ostean etxetik ihesi zihoazela bidaiariak, leku seguruago baten bila.
NATOren eta Afganistango segurtasun indarren aurka egiteko asmoz, talibanek errepideetan eta horien inguruetan minak jartzen dituzte, baina leherketetan batzuetan zibilak hiltzen dira, NBEk eta giza eskubideen aldeko erakunde batzuek salatu izan dutenez.