Hamabost lagun hil dituzte Afganistanen, horien artean Kunduzko gobernadorea

Ustezko bederatzi ekintzaile islamista hil dira, gutxienez, NATOren bi operaziotan

Erredakzioa
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Afganistango hegoaldearekin alderatuz gero, iparraldean ez dira hain nabarmenak gerraren ondorioak. Gauzak aldatzen ari dira, ordea: iparraldean ere gero eta maizago gertatzen dira erasoak. Atzo Kunduzen egin zuten atentatua. Bonba baten eztandaren ondorioz, hamabost lagun hil ziren, tartean Muhammad Omar gobernadorea. Lerro hauek idazterakoan ez zuen inork bere gain hartu erasoa; haatik, gertakarien atzean talibanak daudela uste dute. Sha Jahan Noori poliziaburuak zehaztu duenez, hogei lagunetik gora ere zauritu ziren erasoan. Leherketa mezkita batean gertatu zen. «Egoera kaotikoa izan da. Inork ez daki eraso suizida izan ote den edota eztanda norbaitek han utziko lehergai batek eragin duen», azaldu du segurtasun indarren buruzagiak.

Hamid Karzai Afganistango presidentearen gertukoa zen Omar. Hori dela eta, hainbatetan saiatu dira bera hiltzen; iaz, berriz, talibanek anaia hil zioten. Hori dela eta, Omarrek behin baino gehiagotan ohartarazi zuen talibanak eta Al Kaeda indarra hartzen ari zirela Kunduzen; segurtasun neurri gogorragoak hartu behar zirela uste zuen. Orain gutxi Afganistango telebista kate bati emandako elkarrizketan, ohartarazi zuen segurtasun gabezia handia zela oraindik ere Kunduzen. Hobera egin ez bazuen, halaber, Afganistango gerra auzo herrietara zabalduko dela iragarri zuen.

Kunduzen ez ezik, Afganistango beste zenbait probintziatan soldaduen eta ekintzaileen arteko aurrez aurrekoak gertatu ziren. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak jakitera eman duenez, ustezko bederatzi ekintzaile hil zituzten bi operaziotan; erasoak ekialdeko Khost probintzian eta erdialdeko Uardaken egin zituzten.

Muga itxita

Bederatzi urte dira nazioarteak Afganistango gerra hasi zuela. Hala ere, mendebaldeko aliantzarentzat urte beltzena izaten ari da. Afganistango hegoaldean gotortu den mugimendu islamistari aurre egiteaz gain, Pakistango mugaldean nagusi diren ekintzaile islamistei ere aurre egin behar die nazioarteak. Eta zeregin horretan, Islamabadeko gobernuak ez die askorik lagundu azken egunetan. NATOk Afganistango tropak hornitzeko erabiltzen duen pasabidea itxi du, izan ere, Pakistanek. Eta nazioarteak lehenbailehen irekitzeko eskatuagatik ere, atzo itxita jarraitzen zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.