Gutxienez hamalau lagun hil dira Pakistanen Musulmanen inozentzia filmaren harira egindako protestetan. Pakistango Gobernuak Mahomarenganako Maitasunaren Eguna izendatu zuen atzokoa, azken egunetan musulmanen profetari egindako «irainak» salatzeko. Herrialde osoan antolatutako mobilizazioetan istilu ugari sortu ziren; horietan larrienak, hegoaldean, Karachi hirian. Gutxienez hamabi lagun hil eta beste ehundik gora zauritu ziren han izandako borroketan. Beste bi lagun Afganistango mugan hil ziren, Peshawar hirian.
AEBen aurkako mezuak zabaldu zituzten manifestazioetan. Pakistanen AEBekin sortu den haserrea ikusita, Etxe Zuriak ezohiko neurri bat hartu du Musulmanen inozentzia filma gaitzesteko. Pakistango zazpi telebista katetan iragarkiak erosi ditu. 45 segundoan Barack Obama AEBetako presidentea eta Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak ageri dira. Obama, lehenengo: «AEBek sortu zirenetik errespetatu dituzte erlijio guztiak. Besteen sinesmen erlijiosoak iraintzeko ahalegin guztien aurka gaude». Clinton, ondoren: «Utz iezadazue argi esaten: AEBetako Gobernuak ez du zerikusirik bideo desatsegin horrekin. Erabat baztertzen ditugu haren edukia eta zabaltzen duen mezua».
Pakistanen ez ezik, Etxe Zuriak beste hainbat herrialdetako enbaxadetan eta ordezkaritzetan ere hartuko ditu segurtasun neurri bereziak. Besteak beste, Txinan, Malin, Azerbaijanen, Nigerian eta Bangladeshen. Herrialde horietan talde islamikoen protestak espero dituzte datozen egunetan.
Herrialde askotan protestak
Musulmanen protestek ez dute etenik izan igaro den asteanAEBetan filma argitaratu zenetik, eta, atzo ere, herrialde askotan egin zituzten mobilizazioak. Libanoko Baalbeck hirian, esaterako, milaka herritar elkartu ziren, Hezbollah mugimenduak deituta; AEBen eta Israelen aurkako mezuak oihukatu zituzten. Yemenen, berriz, ehunka lagun elkartu ziren AEBetako enbaxadaren aurrean, eta Ez diguzue barrerik egingo eta gisako leloak oihukatu zituzten. Egipton ere egin zuten protesta musulmanek, Malaysian ere bai.
Europan, Alemanian egin zuten protesta gehien. Hainbat hiritan manifestatu ziren musulmanak. Ez, ordea, Frantzian. Charlie Hebdo aldizkariak kaleratutako Mahomaren karikaturen harira istiluak sortuko ote ziren beldur, manifestazio guztiak debekatu zituen Frantziako Gobernuak. Herrialdeko hainbat talde musulmanetako buruzagiek ere mobilizazioetan ez parte hartzeko deia egin zieten herritarrei.
NBEk irudiak gaitzetsi ditu
Hain zuzen, NBE Nazio Batuen Erakundeak gaitzetsi egin ditu Frantziako aldizkari satirikoak asteazkenean argitaratutakokarikaturak. NBEren Giza Eskubideetako Goi Mandatarien Bulegoaren ustez,irudi horiek zeinAEBetan argitaratutako filma (Musulmanen inozentzia) «probokatzaileak» dira. «Asmo txarrez» eginak daudela salatu dute mandatariek, musulmanen profeta «barregarri» utzi nahi dutela uste baitute.
Batez ere, Charlie Hebdo-renkasua iruditzen zaio larria bulegoko bozeramaile Rupert Colvilleri: «Filmak eragin dituen erreakzioak ikusita, oraindik arduragabeagoa da Mahomaren karikatura horiek argitaratzea». Colvillen iritzian, hala ere, «ezin justifikatuzkoa» da azken astean izan diren protestetan erabilitako indarkeria. Ulertzen du jendeak filmaren eta karikaturen aurka indarrez protesta egin nahi izatea, baina nabarmendu du eskubide horren erabilera «modu baketsuan» egin behar dela.
NBEren bulegoak giroa baretzeko ahalegina egitera deitu ditu buruzagi erlijiosoak: «Probokazioei erantzuteko modu onena kasurikez egitea da». Hainbat buruzagi musulmanek dagoeneko eskatu diete herritarrei protestetan indarkeriarik ez erabiltzeko. Louis Farrakhan Islamaren Nazioa AEBetako mugimenduko buruzagiak, esaterako, zentzuz jokatzeko eskatu die herritarrei: «Film horrek ez du aldatuko gure nazioa eta islamismo modernoa sortu zituen gizona». Protestetan hainbat herritarrek izandako jarrera «lotsagarria» iruditu zaio Farrakhani.
Afganistan, NBEn kexaka
Azken asteko gertakariak direla eta, adierazpen askatasunaren eta irainaren arteko mugaren inguruko eztabaida piztu da. NBEko bozeramaile Colvillen esanetan, eztabaidaren erdigunea adierazpen askatasuna da, baina baita gorrotoaren zabalkundea ere. Haren ustez, aste honetako gertakariek ez dute laguntzen arlo horretan aurrerapausoak ematen. Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiak ere ohartarazi du adierazpen askatasuna ezin dela erabili gainontzeko herritarren «balioak eta sinesteak» gutxiesteko.
Hain zuzen ere, Afganistango Gobernuak NBEren Segurtasun Kontseiluan salatu du islama iraindu izana. Zalmai Rassul Atzerri ministroaren esanetan, «zentzurik gabeak» dira haien erlijioari eta profetari egindako irainak. Hala ere, guztiz gaitzetsi dituhainbat protesta ekintzatan erabilitako indarkeria; batez ere, ordezkaritza diplomatikoen aurka egindako erasoak.
Hamalau lagun hil dira Pakistanen, Mahomaren omenezko egunean
AEBen aurkako protestetan, Peshawar hirian gertatu dira istilu larrienak; hamabi lagun hil dira, eta ehundik gora zaurituMahomari buruzko bideoa salatu du Etxe Zuriak Pakistango telebistako iragarkietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu