iraken okupazioa

Hamalau pertsona hil dituzte hainbat erasotan, Iraken

Irak mendebaldeko Ramadi hiriko gobernatzaile Mamoun Alwani tiroka eraso dute matxinatuek eta zauritu egin dute; haren bost bizkarzainak, berriz, hil egin dituzte, hango ospital bateko iturriek esan dutenez. Goizean, pistoladun talde batek tiroka hil ditu Bagdadeko Apelazio Auzitegiko epailea eta haren gidaria, Polizia iturriek adierazi dutenez. Bestetik, jazo den bigarren eraso batean hiru irakiar hil dituzte bidaiatzen zuten konboi militarraren ondoan bonba bat lehertu ostean, Falujan, hango ospital bateko iturriek jakitera eman dutenez. Bagdad iparraldean gertatu den hirugarren eraso batean lau soldadu estatubatuar hil dira, horiei ere bidaiatzen zuten konboiaren ondoan bonba bat leherrarazi diete, AEBetako militarren buruak komunikatu baten bidez esan duenez.

2005eko abuztuaren 18a
17:05
Entzun
Armatuta bi kotxetan zihoazen gizon batzuek tiroka eraso diote Alwaniri, Ramadiko mezkita batetik gertu. Erasoaren unean Alwani erlijiozale suniekin bilduta zegoen, eta haietako bat ere, Zaher Al Obeidi, zauritu egin dute eta gobernatzailearekin batera ospitalera eraman dute.

Suniak Irakeko Konstituzioaren zirriborroa egiteko urrian egingo den erreferendumean parte har dezaten konbentzitzeko bildu da Alwani sinestunekin, lekukoek jakitera eman dutenez.

Matxinatu taldeek Irakeko Konstituzioaren zirriborroan parte hartzen duten irakiarrak hiltzeko mehatxua egin dute.

Alwaniren aurreko gobernatzailea errebelde talde batek bahitu eta hil egin zuen "okupazioarekin parte hartzea" leporatuta, urte honen hasieran.

Bagdadeko Apelazio Auzitegiko epaile Jasim Wahab Duweij eta haren gidaria etxetik lanera autoan zihoazela armatutako talde batek tiroka erasotu eta hil egin dituzte. Polizia iturrien arabera, Irakeko funtzionarioak, epaileak eta polizia matxinatuen jomuga bilakatu dira “elkarlanean aritzea” leporatuta.

Elkarretaratze bakezaleak hedatu dira AEBetan

Irakeko gerra arbuiatu, eta hango borrokan semea galdu zuen emakumeak hilaren hasieran hasitako elkarretaratzeari babesa emateko milaka lagunek kandelak piztuta gaua itzartuta pasa dute AEBetako hiri askotan, hango iturriek esan dutenez. AEBetako presidente George W. Bushen etxaldean elkarretaratzen da egunero emakumea, eta jende ugarik parte hartzen du elkarretaratzean, emakumeari babesa emateko. Emakumeak Irakera joandako soldadu estatubatuarren itzulera antolatzeko eskatzen dio Bushi. Elkarretaratzean bildutakoek "Gerraren amaiera, orain!" leloa oihukatzen zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.