Presidentea hautatzeko atzera-kontua azken astean sartuko da gaur Venezuelan. Zazpi egun, Hugo Chavezek hogei urteko agintaldia eginen duen jakiteko —osasun arazoak gorabehera— edo hark hamalau urtetan eraiki duen eredu politiko eta batez ere sozioekonomikoa Henrique Caprilesek aldaketarako bidean paratuko duen argitzeko. Inkesten dantza bereziki handia izan da Venezuelan. Politikoki hagitz polarizatutako gizartea izaki, luparekin begiratzen da zein hedabidek edo etxek egin duen galdeketa. Oro har, Chavezen aldeko emaitzak iragarri dituzte gehienek, baina 2006koa baino alde txikiagoekin. Horrek itxaropena piztu dio oposizioari. Caprilesek Chavezen arerioak batu ditu, eta itxura berria eman nahi izan dio oposizioari, oinarri kontserbadorea ezkutatu nahian, eta azken urteotako lorpen sozialak aintzat hartuz. Chavez, ordea, ez du konbentzitu Caprilesen diskurtsoak: «Haurtxo aberats bat da, pobrez mozorrotuta».
2006ko hauteskundeetan, Chavez aisa nagusitu zitzaion oposizioko hautagaiari, Manuel Rosalesi: %62 presidentearen alde, %36 Rosalesentzat. Urtebete lehenago, gainera, oposizioko alderdiek parlamenturako bozei boikota egin zieten, Chavezen aldekoek ia botere osoa eskuratu zutelarik. Bere agintaldiaren loraldia izan zen presidentearentzat: nazionalizazio eta desjabetze proiektu handiak onartu ahal izan zituen, eta 2009an konstituzioa aldatzeko erreferenduma irabazita —2007an galdu ondotik—, presidentetzara soilik bi agintalditan aurkezteko muga ezabatu ahal izan zuen.
Behartsuenen boto bila
Azken bi urteetan, ordea, oposizioa suspertu egin da. 2010ean, hogei alderdik batuta MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia sortu zuten. PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak eta PCV Venezuelako Alderdi Komunistak osatutako Chavezen aldeko koalizioak irabazi zituen bozak, baina gehiengo kualifikaturik gabe. Horregatik, oposizioak PSUV-PCVren boterea mugatu ahal izan du. MUDek arrakastatsutzat aldarrikatu zuen emaitza hori, eta batasunak hauspotuta, anbizio handiko helburua ezarri zuen: 2012rako Chavez presidentetzatik kentzea.
Koalizioak otsailean egin zituen primarioak, eta Caprilesek nagusitasunez irabazi zuen, botoen %63rekin. MUDek igorri nahi izan duen batasun itxurak bertze langa bat gainditu zuen horrela. Caprilesek itxura eta diskurtso eraberritua eman nahi izan dio oposizioari. Ez du nahi betiko eskuinarekin identifika dezaten, eta kutsu progresista eman nahi izan dio bere diskurtsoari. Adibidez, Chavezen aroan behartsuenek eskuratutako lorpen sozialak onartu ditu, eta horiei eutsiko diela hitzeman du.
Are gehiago, presidenteak «bete ez dituen promesak» berak beteko dituela hitzeman du Caprilesek. Chavezek 1998an hauteskundeak irabazi zituenean «itxaropen handia» zegoela erran du MUDeko hautagaiak, «ikusmin handia». «Baina herria nekatu da hamalau urte hauetan promesak aditzeaz». Izan ere, hauteskundeak irabazteko Chavezen boto-emaileen esparru nagusia erakartzeko beharra du Caprilesek, hau da, politika sozialei esker bizi maila hobetu duen klase behartsuenarena.
«Faxista kolpista bat»
Bi traba nagusi ditu horretarako: alde batetik, Caprilesek hedabide handi gehienak alde izan arren, Chavezen oratoria aberats, zuzen eta argiak duen iristeko ahalmena; eta, bertzetik, iragana. Caprilesi iragana eta erroak zama bilaka dakizkioke, eta presidenteak kanpainan hortik eraso dio. Caprilesen aita komunikabide eta eraikuntza enpresa garrantzitsuen jabea da, eta ama, berriz, zinema kate batena. Chavezek argi du: «Oligarkiaren hautagaia» da. Gainera, Familia, Tradizioa eta Jabegoa eskuin muturreko taldean hasi zuen bere militantzia politikoa, 1990eko hamarkadan. Bertze orban bat: 2002ko estatu kolpean izan zuen jarrera. Kubako enbaxadaren harresira igota, argazki bat atera zioten Caprilesi. German Sanchez Otero enbaxadorearen hitzetan, eraikinean chavistaren bat babestuta ote zegoen galdetu zuen orain presidentetzarako hautagai denak. Chavezentzat, Caprilesen bertze «mozorro» bat da hori, «faxista kolpista bat demokrata bihurtuta».
Hamalau urte jokoan
Venezuelan, presidentea hautatzeko aste baten faltan, oposizioak indarberrituta ikusi du bere burua Chavezen aldeanChavezentzat Capriles hautagaia «haurtxo aberats bat da, pobrez mozorrotuta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu