Hamar egun geroago, bizirik

Senideen itxaropenak eta kemenak 84 urteko ama bat eta 21 urteko seme bat bizirik atera ditu Port-au-Princeko hondakinen artetik, hainbeste denboran bizirik irauteak ezinezkoa dirudien arren. Emakumea larri dago, eta gizona, berriz, ondo.

jakes goikoetxea
2010eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Salbamendu lanak bertan behera utzi dituztela esaten den egun hauetan, senideen itxaropenak bizirik atera zituen 84 urteko emakume bat eta 21 urteko gizon bat Port-au-Princeko hondakinen artetik herenegun, lurrikara gertatu eta hamar egunera.

Emmanuel Buteau 21 urteko gaztea AEBetako, Frantziako eta Israelgo salbamendu taldeek atera zuten etxeko hondakinen azpitik. Baina, berez, amaren itxaropenak eman dio bizia. Lurrikarak Emmanuel Buteau etxean harrapatu zuen. Hiru solairuko etxearen hondakinen azpian geratu zen, Port-au-Princeko Bel-Air auzo pobrean, hilda gehienentzat.

Haren ama, Marie Yolene Bois de Fer, etxea galduta, lurrikararen ostean presidentearen jauregiaren ondoko kanpaleku batean bizi zen, parke batean. Hala ere, semea bizirik aurkitzeko itxaropena zuen oraindik, eta etxera itzuli zen herenegun.

Semearen ahotsa entzun zuen hondakinetatik deika. Aztoratuta, laguntza bila abiatu zen. Ameriketako Estatu Batuetako, Frantziako eta Israelgo salbamendu taldeak bertaratu ziren.

Ur pixka bati esker

Hondakinen artetik atera zuten Emmanuel Buteau. Egarri. Gose. Ahituta. Baina, itxuraz, zauri larririk gabe. Buteauk medikuei esan die hondakinen azpian zegoen ur pixka bat izan zuela eskura, eta horri esker iraun duela hamar egunetan bizirik, heriotzaren mugan. «Batzuetan beste mundu batera eraman nindutela sentitzen nuen», esan du Buteauk.

Ez zekien bizirik edo hilik zegoen. Entzun zituen sirenak. Entzun zituen ahotsak. Entzun zuen hildakoen gorpuak erretzeari buruzko elkarrizketa bat. Baina ez zekien benetakoak ziren.

Orain Israelgo salbamendu taldearen ospitalean dago, amarekin eta arrebarekin batera.

Emmanuel Buteauren kasuan amaren grinak eman dio bizia semeari; Marie Carida Romainen kasuan, berriz, Ives Romain semeak bere eskuekin atera zuen 84 urteko amaren gorputz zimela. Larri, baina bizirik. Semeak amaren oihuak entzun zituen ostegun goizean -etxearen parean lo egiten dute-, eta egun osoko ahaleginaren ostean, herenegun atera zuen, bizilagunen laguntzari esker.

«Goizean goiz atera dute», esan zuen Vladimir Larouche Ospitale Nagusiko medikuak atzo, oraindik ere gertaerak harrituta. «Apenas erantzuten zuen, eta zauriak eta kolpeak zeuzkan gorputz osoan». AEBetako soldaduek itsasontzi batera eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.