Baziren hiru urte irailaren 11ko atentatuak egin zituztela, eta urtebete Espainiako orduko presidente Jose Maria Aznar Azoreetan bildu zela AEBetako estatuburu George Bush eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrekin —bilera hartan ultimatuma eman zion hirukoak Saddam Husseini, ohartaraziz bere armategia desegin ezean ondorio larriak izango zirela—. Urrun zegoen, ordea, New York, eta urrunago Bagdad. Inork ez zuen espero Al-Qaedak Madrilen aurkako mehatxua beteko zuenik, are gutxiago 2004ko martxoaren 11 hartan.
"Irratitik deitu zidaten. Esnatu berria nintzen, eta esan zidaten Atocha inguruan leherketa batzuk izan zirela, eta zaurituak zeudela, eta zer ote zen ikustera joateko. Pentsatu nuen alferrik joango nintzela, ziurrenik istripu txikiren bat izango zela eta iristerako dena bukatua egongo zela. Baina ahalik eta azkarren jantzi, eta hara joan nintzen". Aritz Agirre Euskadi Irratiko berriemailea zen garai hartan Madrilen. Atochara gerturatu ahala ohartu zen zerbait larria zela hura; ez, ordea, zenbaterainokoa: "Sirena hotsak zeuden, eta kea ikus zitekeen". Norbaiti entzun zioten bazela beste leherketa bat handik gertu, Tellez kalean, eta hara abiatu ziren Agirre eta Radio Nouko kazetari bat. "Han ere anbulantzia ilada bat zegoen; jendea odoletan ikusten zen, eta beste asko oso urduri senideen bila. Halako batean, emakume bat gerturatu zitzaigun. Bere onetik aterea zegoen. Esan zigun emakume bat ikusi zuela trenetik ateratzen, haurra besoetan zuela, eta gero hilda zeudela biak". Emakumearen etxera sartu eta egongelako leihotik begiratu zuenean hasi zen Agirre gertatutakoari neurria hartzen. "Treneko bagoi bat zegoen zulo izugarri batekin, misil batek jo ziola zirudien, eta inguruan gorpuak eta gorpuzkinak, tren zatiekin eta identifikatu ezin ziren gauzekin nahastuta, eta erre usaina".
Atochan oso antzeko irudiekin topo egin zuen Amaia Etxezarreta Euskal Telebistako kazetariak. "Iritsi ginenerako geltokia itxita zegoen. Izugarria zen: polizia bat ikusi genuen zorabiatuta lurrera erortzen. Emakume bat etorri zitzaigun, negarrez, bere onetik aterata, esanez bere seme-alabak tren horretan zeudela eta mesedez esateko hildakoen izenak". Atochako eta Tellez kaleko leherketez gain, beste bi eztanda izan ziren goiz hartan, Santa Eugenian bata eta El Pozon bestea. Orotara, 191 pertsona hil ziren, eta ia bi mila zauritu.
ETA, nahitaez
Barne Ministerioa azkar mugitu zen. Ikerketa ildo bakarra onartzen zen, ETArena, nahiz eta goizeko lehen ordutik islamisten egiletzari buruzko zurrumurruak zabaltzen hasiak izan. Hiru egunen buruan hauteskundeak egingo ziren, eta PPk bere alde zituen inkestak; guztia zen onargarri, baita komunikabideei presio egitea ere. "Orduan, Jesus Zeberio zen El País -eko zuzendaria. Lehen aldia zen Aznar boterera heldu zenetik guri deitzen ziguna. Zeberiok galdetu ere egin zion ia ziur ote zegoen, eta hark baietz. Noski, ontzat eman genuen informazioa, nork pentsatuko zuen estatuko presidente batek gezurra esango zigula?", azaldu du Luis R. Aizpeoleak, El País -eko kazetariak.
Orduak igaro ahala, bi edo hiru hildakoak dozenaka bihurtu ziren, eta horiek, sarraski. ETA izan zitekeen berriek, berriz, hotzikarak eragiten zituen euskal herritarren artean. "Ez nintzen ausartu emakume haren telefonoa erabiltzen Bilboko lankideekin hitz egiteko. Ez nintzen ausartu haren aurrean euskaraz egiten", dio Agirrek. Etxezarretak ez zuen aukerarik izan, nahiz eta zenbaitek ohartarazi zioten kontuz ibiltzeko.
Acebesen ostean etorri ziren beste agerraldiak, tartean, Juan Jose Ibarretxerena: ETAri kontuak eskatu zizkion. Gaitzesteak ugaritu ahala handitu ziren zalantzak ere, batez ere Euskal Herrian. "Erredakziotik galdetzen ziguten, 'baina ziur zaudete ETA dela?', eta guk baietz, ez zegoela beste hipotesirik. Eguerdian, ordea, gauzak asko aldatu ziren. Kangooa aurkitu zuten", gogoratu du Agirrek. Haren barruan, berriz, Koraneko pasarteak zituen zinta bat. "Nahasmena izugarria zen. Gobernua tematuta zegoen ETA izan zela, eta, aldiz, Polizia Lavapies inguruetan zebilen ikertzen, eta atxiloketak ere han egin zituzten hurrengo egunean. Guk ezin genuen imaginatu Barne ministro batek datuak era horretan ezkuta zitzakeenik", nabarmendu du Agirrek.
PPk, ordea, ate guztiak itxi zituen, eta uko egin zion informazioa sozialistekin partekatzeari ere. «Jakin banekien [Jose Luis Rodriguez] Zapaterok Terrorismoaren Aurkako Ituna deitzeko eskatu ziola Mariano Rajoyri, PPren presidentetzarako hautagaiari, baina hark ezetz esan zion. Moncloan emandako prentsaurreko baten ostean, presidentetzarako idazkariari galdetu nion zergatia, Francisco Javier Zarzalejosi, eta hark esan zidan ez zirela sozialistez fidatzen eta nahiago zutela kudeaketa lana beren gain hartu. Ez zuten inola ere zabaltzea nahi atentatua terrorismo islamistarekin lotuta zegoela», dio Aizpeoleak.
Nahi eta ezina
Itxaropen eta negar malkoak izan ziren arratsaldeko protagonistak. Gorpuak IFEMAn bildu zituzten, eta zaurituak, ospitaleetan. "Zerrendak sarreran jarri zituzten. Hildako gehienak oraindik identifikatu gabe zeuden; zure senidearen izen-abizenak han aurkitzen bazenituen, normalean zorteko zinen, ziurrenik erietxeren batean egongo baitzen. Hura izan zen okerrena; jendea lur jota ikusi genuen, eta beste batzuk okerrena gerta ez zedin otoitzean, haien senide edo laguna koman zegoelako eta bere onera etortzeko aukera txiki bat zegoelako", gogoratu du Agirrek.
Leherketen unean trenean zihoazenetako asko etorkinak ziren, paperdunak batzuk, gabeak besteak. "Ez zait inoiz ahaztuko nola gobernuak esan zuen paperik gabeko etorkinik bazen senideren bat galdu zuena gerturatzeko beldurrik gabe, ez zituztela atxilotuko eta. Guri batzuk gerturatu zitzaizkigun galdetuz ea egia ote zen, ea ez zituzten beren herrietara bidaliko. Pentsa zer egoera beldurgarria: zure gertuko bat galdu duzula uste duzu, baina ez zara galdetzera ausartzen, paperik ez duzulako".
Senideek euren hildakoen bila jarraitzen zuten bitartean, Aznarren gobernuak eraikitako harresian arrakalak irekitzen hasi ziren. "Miguel Sebastianek, gerora Zapaterorekin Industria ministro izan zenak, harremana zuen AEBetako zerbitzu sekretuekin, eta haien bitartez jakin zuen Washingtonek erasoa islamistei egozten ziela. Arratsalde hartan bertan, Zapaterok hipotesi horren alde egin zuen. Pentsa, orduan PSOEko idazkari nagusia zenak, Jose Blancok, Gabriel Elorriagari deitu zion, eta esan zion uzteko ergelkeriak alde batera eta esateko egia", azaldu du Aizpeoleak.
Gainbehera
"Beste garai batzuk ziren. Orduan gobernuak iragartzen zituen manifestazioak, eta hala egin zuten aldi hartan ere, baina inork espero ez zuena gertatu zen: ETAren aurka egin ordez, jendea azalpen eske hasi zen", dio Etxezarretak. Aizpeoleak bertatik bertara ikusi zuen aldaketa: "Oihuak entzuten ziren alde guztietatik. 'Nor izan da?', galdetzen zuen jendeak, eta Aznarren aurka ere egin zuten. Hura, berriz, urduri, Felipe Borboikoaren aldamenean jarri zen, orduan Errege Etxeak izen ona baitzuen. ETAren aurkako manifestazioa behar zuena gezurra esan zuen gobernuaren kontrako bihurtu zen. Bartzelonan okerragoa izan zen. Han, Espainiako presidenteorde Rodrigo Ratok eta Zientzia eta Teknologia ministro Josep Piquek ihes egin behar izan zuten, jendeak erasoko zien beldur".
Izan ziren, hala ere, PPren bertsioa sinetsi zutenak —gero hamar urtean iraun duen banaketa islatu zen egun hartan—. "Ni manifestazioaren buruan joan nintzen, eta han Aznarren eta gobernuaren aurkako jarrera zen nagusi. Baina erditik atzera egoera oso desberdina zen: han ETAko kideen aurkako heriotza zigorra eskatzen zuten. Hala kontatu zidaten lagun euskaldun batzuek. Esaten zuten oso gaizki sentitu zirela, euskaldunen aurkako oihuak zirelako nagusi", azaldu du Agirrek.
Heldu zen hausnarketa eguna izan behar zuena ere. PPk eraikitako harresitik harri batzuk soilik geratzen ziren. Galdua zuten lehia, baziren bi egun Al-Qaedak atentatua bere gain hartu zuela, baina Aznarrek zabaldutako bideari eutsi zion burugogor Rajoyk, dena amaituta ez balego bezala. "Rajoyk elkarrizketa eskaini zion El Mundo- ri, erasogilea ETA zela esanez eta PPren alde bozkatzeko eskatuz. Arratsaldean, Alfredo Perez Rubalcabak deitu zion Acebesi azalpenak eskatuz, baina hark ilunabar arte ez zuen aitortu dagoeneko mundu guztiak bazekiena, alegia, islamisten egiletza ikertzen ari zirela. Hori bai, ETA erabat baztertu gabe", adierazi du Aizpeoleak.
Azkenean, Aznarren estrategia erabateko porrota izan zen: hauteskundeak galtzeaz gain, alderdia bera eta batez ere gobernua gizartearen haserrearen jomuga bihurtu ziren. Hala ondorioztatu du Aizpeoleak: "Mundua Moncloara mugatzen zela uste izan zuen Aznarrek, eta, ondorioz, bozak galarazi zizkion Rajoyri; gainera, gero hari egotzi zion erantzukizuna, errudun bakarra bera izanik ere".