Katalunia

Hamarnaka milaka herritar mobilizatu dira "erregimena" indargabetzearen alde

Espainiako Gobernuak Ministro Kontseilua egin du Bartzelonan eta elkarrizketa eskaini du konstituzioaren mugen barruan. Bilkura "probokazioa" izan dela salatu dute eragile independentistek, kaleko protesta ekintzetan.

Espainiako Ministroen Kontseilua, gaur, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA, EFE.
Hodei Iruretagoiena
2018ko abenduaren 21a
09:50
Entzun

Manifestazio bateratua egin dute hamarnaka milaka herritarrek, gaur arratsaldean, Bartzelonan. Etzanarazi dezagun 78ko erregimena. Eskubide sozial eta politikoengatik, autodeterminazioagatik, errepresioaren aurka lelopean, Graziako lorategietatik Kale Nagusiraino egin dute bidea. Elkarte zibil eta indar politiko independentista guztiek bat egin dute deialdiarekin. Beste hainbat ekintza deitu dituzte, gainera, Katalunia guztian.

Bartzelonako manifestazioan, 80.000 herritarrek parte hartu dute antolatzaileen arabera. Udaltzaingoaren esanetan, berriz, 40.000 izan dira.

Manifestazioaren amaieran, deitzaile guztiek adostutako adierazpena irakurri du Silvia Bel aktoreak. Adierazpenak nabarmendu duenez, Kataluniak ezohiko egoera bizi du. "Preso eta erbesteratu politikoak ditugu, ekintza faxista zigorgabeak, eta ogi apurrak besterik kudeatu ezin ditzakeen gobernu bat. Errepublika kataluniarra nahi dugu askeak eta subiranoak izateko".

Deitzaileek "ahalduntzera" deitu dituzte herritarrak, "urriaren 1ean eta 3an bezala", herrialde bidezkoagoa eraikitzeko. "Guk daukagu benetako botere konstituziogilea", ziurtatu dute. Gaurko eguna "mobilizazio ziklo baten hasiera" bihurtuko dutela aurreratu dute, "ukatzen zaigun subirautza berreskuratzeko, Errepublika kataluniarra lortu arte".

Arratsaldean bakarrik ez, goizetik ere hainbat mobilizazio egin dituzte Bartzelonan, Espainiako Gobernuak horian egin duen Ministro Kontseilua dela eta. Goizeko lehen ordutik hartu dituzte kaleak. Errepublikaren aldeko larrialdi zerbitzuak jaka eta kasko horiekin eta Errepublikaren aldeko suhiltzaileak laranjaz jantzita, manifestariak babesteko asmoz. Ondoan, mossoen furgonetak ilaran. Itxura hori zuen Bartzelonako Llotja de Mar eraikinaren kanpoaldeak goizeko 8:30erako, tentsiozko egun luze baten atarian. Poliziak itxi egin ditu inguruko kaleak, eta haien hesiaren inguruan bildu dira herritarrak. Paralel etorbidean, manifestariei oldartu zaizkie mossoak, eta istiluak areago dira egunak aurrera egin ahala. Hamahiru lagun atxilotu dituzte gutxienez, eta 60tik gora zauritu izan dira; Generalitatearen datuen arabera, gehienak mossoak.

Llotja de Mar eraikinean egin du Espainiako Gobernuak Ministroen Kontselilua. 10:00ak pasatuta egin dute familia argazkia —Bartzelonako alkate Ada Colaurekin ere bildu da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, 8:30ean—. Besteak beste, Josep Tarradellasen izena jarri diote El Prateko aireportuari —Generalitateko presidente izan zen Tarradellas atzerrian, 1954tik 1977ra, eta behin-behineko gobernukoa 1980ra arte, autogobernuaren ikurtzat dute askok—. Kataluniako Generalitateari ez zaio gustatu erabaki hori, batez ere, "aldebakarrekoa" izan delako. Erabaki gehiago ere jakinarazi dituzte; besteak beste, gutxieneko soladata 900 eurora igotzeko erabaki dute, eta 113 milioi euro jartzea Kataluniako errepideen mantenurako.

Bileraren osteko agerraldian, Kataluniako Generalitatearekiko harremanak "politikoki bideratzeko" borondatea agertu du Isabel Zelaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak. Atzo Quim Torrak eta Pedro Sanchezek egindako bilera "oso baikorra" izan zela adierazi du, eta konponbidea ez dela 155. artikulua "etengabe" ezartzea: "Gobernuak beti bilatu ditu elkarrizketarako guneak, eta uste du ez dagoela beste errezetarik. [Espainiako] Konstituzioaren barruko elkarrizketa da Kataluniako gatazka bideratzera eramango gaituena". Bide beretik jo du Meritxell Batet ministroak ere. "Elkarrizketa eta legea" eskatu ditu: "Elkarrizketa gobernuen artean, baina baita ere, eta batez ere, katalanen artean".

Neurri sinboliko bat ere hartu du Ministroen Kontseiluak gaur. Lluis Companys Generalitateko presidente zenaren "duintasuna" erreparatzeko, aitortzeko eta berrezartzeko adierazpen bat onartu du, eta 1940an hura hiltzeko agindua eman zuen Gerra Kontseilu frankista gaitzetsi dute. Dena den, adierazpen horrek ez du legezko eraginik.

PPren buru Pablo Casadok, bestalde, Sanchezen presazko agerraldia eskatu du Espainiako Kongresuan, "ezkutuan Espainiarekin eta Torrarekin egiten ari denaz" azalpenak eman ditzan. Ciudadanos, berriz, atsekabetuta agertu da, Madrilek ez duelako planteatu 155. artikulua ezartzea. Rivera: "Gaur entzun nahiz zen neurri nagusia zen Ministroen Kontseiluak [Espainiako] Konstituzioa ezarriko zuela Katalunian".

Kataluniako Gobernua: "Neurriek ez dute balio errealik"

Elsa Artadi Generalitateko bozeramaileak Espainiako Gobernuak Bartzelonan iragarri dituen neurriak baloratu ditu. Haren esanetan, Kataluniako Gobernuak ez du ulertzen Pedro Sanchezen gobernuak zergatik erabaki duen Bartzelonara joatea, publiko egin dituen erabakiak "garrantzia txikikoak" direnean. "Horretarako, ez zitzaion halako transzendentzia eman behar".

Artadik elkarrizketaren aldeko jarrera berretsi du, baina argi mintzatzearen beharra nabarmendu du. "Ez dugu adierazi behar neurriek balio erreala dutenik; ez dute halakorik".

Kataluniako Gobernuak eskertu egin du protesta egin duten herritarren gehiengoaren jarrera, mobilizazioak baketsuak izan zitezen "jarrera aktiboa" izan dutelako.

Urkullu: "Aldebikotasunerako aukera ireki da"

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Kataluniako eta Espainiako gobernuek atzo egin zuten bilera izan du hizpide sare sozialetan. Haren esanetan, posiblea da Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanak bideratzea. Horretarako ondorengo oinarria proposatu du: "Errealismoa, baretzea, elkarrizketa eraginkorra, proposamen politikoa eta babes juridikoa". Lehendakariaren iritziz, Katalunia eta Espainiaren arteko aldebiko harremana garatzeko aukera zabaldu da. "Harremanak aldebikotasunean oinarritzeko aukera ireki da. Orain, alderdi politiko eta Erakunde-ordezkaritzaren ardura da etapa berri hau zaintzea, sendotzea eta osatzea. Konponbide bat topatzeko hau da norabidea eta bide bakarra", azaldu du.

Omnium: "Normaltasun argazki bat nahi zuten"

Protesta ugari antolatu dituzte eragile independentistek, egun osorako. Independentismoaren hainbat sektoretatik, izan ere, probokazio gisa ulertu dute gobernuaren bilkura, Espainiak prozesu subiranista bultzatzen dutenen kontrako "errepresioa" indarrean duela iritzita. Omniun Cultural elkarteak antolatuta, esaterako, Ministro Kontseilu Herritarra egin dute Sanchezen gobernua bildu den lekutik 300 bat metrora. "Inposatu nahi diguten beldurraz harago, errepresioaz eta mehatxuez harago, ez duzue hutsik egiten", esan du Marcel Maurik bildutakoei eskerrak emateko: "Eskerrik asko, batzuek normaltasun argazki bat nahi zuten-eta". Ministroen Kontseilua Sanchezen "probokazioa" dela salatu dute: "Gaur batzuek indarkeria irudia nahi zuten. Berriz ere erakutsi dugu subiranismoa ez dela biolentoa. Biolentzia bakarra Estatuak eta eskuin muturrak ekarritakoa da". SCS-Intersindikalak lanuzteak deitu ditu 12:30 eta 14:30 artean.

Gaur da urtebete, 155. artikuluaren bidez, Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak deitutako hauteskundeak egin zirela Katalunian. Atzoko bileran, desadostasunak desadostasun, elkarrizketaren aldeko mezua eman zuten bi presidenteek. Gose greban ziren presoek ere atzo utzi zuten protesta

"Ez-biolentzia aktiborako" deia

Goizean goizetik Llotja de Mar aldera hurbiltzeko deia egin dute CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek, sare sozialetan Bertold Brechten esaldi bat gogora ekarriz: “Batailan partekatzen ez duenak, porrota partekatuko du. Bataila saihestu nahi duenak ere ez du saihesten bataila. Beraz, etsaiaren kausaren alde borrokatzen du kausa propioaren alde egiten ez duenak”. Hiru deialdi egin dituzte, Bartzelonako leku ezberdinetatik, Lloja de Marrera hurbiltzeko. "Ez-biolentzia aktiborako" deia egin dute sare sozialetan: "Borroka ikusteko eta bizitzeko modu ezberdinak daude. Errespeta ditzagun eta borroka dezagun ez-biolentzia aktiboz. Elkarrekin indartsuagoak gara". ANC Biltzar Nazional Katalanak goizean goizetik Bartzelonan autoen pilaketa "masibo bat" egitera deitu du.

Egunak argitu baino lehen ekin diote batailari ekintzaile independentistek. Dozena erdi bat errepide nagusi itxi dituzte gutxienez, 5:00ak aldera hasita, hogeitik gora puntutan. Besteak beste, B-20 eta B-10 errepideak, Diaganolaren eta Montjuicen parean, bi noranzkotan; AP-7 autobidea, L’Ampollan eta Tarragonan; eta N-II errepidea Figueresen, Kataluniako trafiko zerbitzuak jakinarazi duenez. Mossoak joan dira bide mozketak egiten ari ziren leku batzuetara, baina ez da aparteko istilurik izan. Bartzelonako erdigunean trafikoa moteldu dute protestek; ohikoa baino %57 auto gutxiago zebilen, Kataluniako trafiko zerbitzuaren arabera.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.