Maan News agentzia palestinarrak eta Haaretz egunkari israeldarrak gaur dakartenez, datozen bi egunotan talde palestinarren eta Tel Aviveko gobernuaren arteko urte eta erdiko su-etena sinatuko dute Egiptoren bitartekaritzarekin. Zehazki, Kairoko gobernuak epe horretan erabakia iragarriko duela esan du gaur Hamaseko politburoko bigarren buru Mussa Abu Marzukek.
Gaza eskualderako soilik izango da su-etena, eta zeharka lortzear dauden akordioaren arabera, erresistentziako talde palestinarrek (Hamas barne) Israelen kontra erasoak etetearen truke Israelgo armadak Gazako blokeoa kendu (sei sarbideak irekita) eta haren aurka erasoak egiteari utzi beharko dio.
Su-eten elkarrizketez mintzo, esan du datozen egunetan “akordio argiak” lortzea espero dutela Kairon.
Su-eten negoziazioez gain, gatibu trukearena ere hizpide
Hamaseko buruak gaineratu du oraindik zenbait oztopo gainditu behar dituztela hitzarmena sinatu ahal izateko, esaterako preso trukea. Horren harira, zehaztu du su-eten negoziazioetatik baztertu dutela erresistentzia palestinarreko hiru taldek (tartean Hamasek) gatibu hartutako Gilad Shalit soldadu israeldarraren auzia.
“Gure atxilotuak askatzea nahi dugu Shalit askatzearen truke”, esan du auzi horretaz. Hamasek dagoeneko preso palestinarren zerrenda helarazi dio Egiptoko bitartekaritzari. Zerrenda horretan, besteak beste, Israelgo armadak 2006tik (Hamasek bozak irabazi zituenean) kartzelatutako 30 bat ministro, diputatu, alkate eta buruzagi palestinar daude.
“Israelek guk aurkeztutako zerrenda onesten badu, [gatibuen gaineko] tratua egingo dugu,” azaldu du Abu Marzukek.
Hamaseko ordezkaritza herenegun iritsi zen Kairora, eta negoziazioetan bitartekari aritzen den Omar Suleimanekin, zerbitzu sekretuetako buruarekin, elkarrizketatu zen. Su-eten posiblea aztertzeaz gain, Israelgo armadak Gazan eragindako txikizioa nola konpondu aztertzen ari dira. Abenduaren 27tik urtarrilaren 19a arte Israelgo armadak 1.400 bat palestinar hil (gehienak zibilak, tartean ume eta zaharrak) eta beste 5.500 bat zauritu zituen, baita milaka etxebizitza eta azpiegitura suntsitu ere. Hamasek eta erresistentzia palestinarrak, etxean eginiko koheteen bidez eta tankeak Gazara sartu zirenean tiroz, guzira 13 israeeldar hil zituzten, horietako 10 soldaduak eta beste hiru zibilak (koheteak jaurtita).
Gainera, Hamasez gain, erresistentzia palestinarreko taldeetatik beste 12k bidali dituzte ordezkariak Kairora, palestinarren arteko batasun nazionala berriz lortzeko asmotan. Besteak beste, Al Fata, FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontea, FDLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoa, PPP Palestinako Herriaren Alderdia, PLF Palestina Askatzeko Frontea, PPSF Palestinako Herri Borrokaren Frontea, Jihad Islamikoa eta PRC Herri Erresistentziaren Batzordeak dira talde horiek.
Palestinako gatazka.
Hamas: "Egiptok Israelen eta palestinarren arteko su-etena iragarriko du datozen bi egunotan"
Talde palestinarreko politburoko bigarren buruak, Mussa Abu Marzukek, esan du tregoa 18 hilabetekoa izango dela, Gazarako, eta Israelgo armadak eskualderako sei sarbideak ireki eta erasoak egiteari utzi beharko diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu