Hamas eta Al-Fatahek sei hilabete barru bozak egitea adostu dute

Akordioaren arabera, ekainean Mahmud Abbasek zuzenduko duen batasun gobernua martxan jarriko dute

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Iazko maiatzean sinatu zuten Al-Fatahek eta Hamasek adiskidetze ituna. Otsailean, berriz, batasun nazionaleko gobernua osatzeko behin-behineko akordioa onartu zuten, baina bi fakzioen arteko desadostasunak direla medio, ez dute itunak betetzeko pausorik eman. Igandean, ordea, Kairon bildu ziren alderdietako ordezkariak eta hilabeteetako blokeoa gainditzeko adostasun batera ailegatu dira: ekainean behin-behineko gobernua eratuko dute, eta sei hilabete barru hauteskundeak deitzea adostu dute.

Datorren igandean bertan Palestinarren Hauteskunde Batzordea Gazan lanean hasiko da bertako errolda osatzeko, eta, horrekin batera, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko idazkari nagusia batasun gobernua osatzeko kontsultak egiten hasiko da, otsailean adostu zuten bezala. Hamar egun izango ditu Abbasek kabinete berria osatzeko. «Batasun gobernua sei hilabetez arituko da agintean, eta epe horretan hauteskundeak egiteko eguna adostuko dute», azaldu du Hamaseko bozeramaile Fawzi Barhoumek. 2007az geroztik, muturtuta egon dira bi alderdiak. Ordutik Hamasek agindu du Gazan eta Al-Fatahek, berriz, Zisjordanian.

Kolonoen erasoak

Israelgo Betselem gobernuz kanpoko erakundeak kolonoek palestinarrei eginiko erasoak agerian uzten dituen hiru bideo argitara atera ditu. Pistolekin eta errifleekin armatuta ageri dira kolonoak bideo horietan, eta urrutitik harrika ari diren gazte palestinarrei tiro egiten grabatu dituzte. Irudietan ageri diren Israelgo armadako soldaduak, berriz, ez dute ezertxo ere egiten kolonoen erasoak gelditzeko. Salam Fayad PANeko lehen ministroak kolono horiek atxilotzeko eta epaitzeko eskatu dio Israelgo Gobernuari. «Kolonoen aurpegiak argi eta garbi ikus daitezke; beraz, Israelgo Poliziak ezin du esan erasotzaileak nortzuk diren ez dakienik, edota oraindik susmagarrien bila ari denik», kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.