ekialde hurbila

Hamas: "Israel suntsituko dugu"

Hamas erakundearen 25. urteurreneko ekitaldi batean mezu hori eman dute haren brigadek, Gazan. Armada handi bat prestatzen ari direla iragarri dute.

2012ko abenduaren 8a
15:50
Entzun

Hamasen talde armatu Ezzedin al Kassam-eko brigadek euren jarraitzaileen aurrean mezu argia eman nahi izan dute gaur Gazan (Palestina), Hamas erakundearen 25. urteurreneko ekitaldi batean: "Israel suntsituko dugu. Palestinako herriari eraso egiten dion orori besoak moztuko dizkiogu".

Taldeko buruzagi bat mintzatu da hala, burua estali gabe, eta milaka palestinarren aurrean. "Guk ez dugu sekula utziko Gaza".

Duela zenbait aste Israelgo armadak ehun palestinar pasa hil zituen Gazan, baina Hamaseko talde armatuaren ustez eurek lortu zuten garaile ateratzea. "Garaipen handia izan zen, nahiz eta gure gaitasun militarraren %10 baino ez genuen erabili". Gaza, Zisjordania, Kairo, Tunisia, Teheran eta Ankaratik armada bat prestatzen ari direla aipatu du, "eta horrek alde egitera behartuko du Israel".

Datorren ostegunean beteko ditu 25 urte Hamasek, baina Khaled Mexal taldeko buruak ospakizunetan parte hartzeko aukera du, ekitaldiak aurreratu baitituzte Lehen Intifadaren 25. urteurrenarekin bat egin dezaten. Hain zuzen, Mexal atzo Gazan sartu zen, 45 urteko erbestealdiaren ondoren.

Bisitaren indar sinbolikoaz gain, espero da hark Hamasen eta Al-Fatahen adiskidetzearen inguruko eztabaidetan parte hartzea Gazan, palestinarren batasuna lortzeko bidean. Keinuren bat ikusi zen atzo, Hamaseko goi kargudunekin batera Al-Fataheko zenbait ordezkari ere egon baitziren Rafaheko mugan, Mexali harrera egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.