Hamaseko eledun Sami Abu Zuhrik egungo egoeran ,«okupazioak eta erasoek segitzen dutelarik», Israelekin ez dutela negoziatuko esan zuen. Hala, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek eginiko eskaera errefusatu zuen. Palestina Askatzeko Erakundeak 1993an eta 1995ean Israelekin sinatu zituen Osloko Akordioak «errespetatzeko» eskatu zion, halaber, Abbasek Hamasi. «Osloko Akordioak perfektuak ez diren arren, PAN eratzea ahalbidetu dute, baita Kontseilu hau eratzea ere, zein legebiltzar batetik dugun hurbilena den», esan zuen Abbasek, Hamas boterera horri esker iritsi dela adierazita.Abbas buru duen alderdiak, Al Fatak, banatuta segitzen du Hamasek koalizio gobernua osatzeko eginiko gonbitaren inguruan. Al Fatak 45 ordezkari eskuratu zituen azken bozetan. Atzoko ekitaldian Israelek egunotan gogortu dituen neurriak salatu zituen PANeko presidenteak, Hamasi gobernua lehenbailehen osatzea galdeginPANeko legeak bi asteko epea ahalbidetzen du, eta bere laguntza eta elkarlanerako prestutasuna eskaini zizkion.
Hamasek erresistentzia armatuarekiko atxikimendua berretsi zuen: «Erresistentzia armatuarekiko gure konpromisoa nabarmendu nahi dugu berriro, gure herriaren eskubide naturala baita». Tel Avivek uko egin dio talde nazionalista-islamistarekin negoziatzeari, honek Israelen izaera onartu eta armak utzi arte. Hamasek, ordea, ez bata eta ez bestea ez dituela onartuko berretsi zuen aurreko asteotan, Israelek bere mugak finkatuta ez dituela gogoratuta, bidenabar. Atzo Aziz Duaikek azaldu zuen Israelen izaera onartzea bi norabideko prozesua dela: «Zeinahi onarpen estatu baten eta beste baten artean izan beharko litzateke, eta gure egoeran hori ez da kasua».
Okupazioa bukatzeko deia
Abbasek, bestalde, PANeko instituzioak garatzeko diru laguntza gehiago eskatu, eta PANen barnean soilik «zilegizko indar armatu batek» egon behar duela esan zuen, Hamasek bere adar armatua desarmatzeko eskatuta. Israel ere kritikatu zuen, eta behin-behineko mugak dituen estatu bati palestinarrek ezezkoa ematen diotela nabarmendu. «Segurtasuna lortzeko bakea behar dugu. Gatazka honek ez du aterabide militarrik», esan zuen.
«Okupazioaren eta kolonizazioaren jarraipenak etsipena areagotzea besterik ez du lortuko. Egin dezagun bakea, bi estatutan ondoz ondo bizi ahal izateko», adierazi zion Tel Avivi. Gainera, AEBek eskatu bezala, hauek emandako 50 milioi dolar itzultzea onartu zuen PANek. Etxe Zuriak esan zuen ez duela nahi diru hori Hamasek kontrolatutako gobernu palestinarraren eskuetan geratzerik.Beste alde batetik, Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasun Komunerako goi komisario Javier Solana Israelgo Defentsa ministro Shaul Mofazekin bildu zen Jerusalemen. Solana kezkatuta agertu zen Tel Avivek iragarritako asmoekin, hau da, palestinarrei Zisjordaniatik Gazara zein alderantziz eta Israelera sartzea debekatzeko proposamenarekin. PANi dagozkion diru funtsak atxikiko zituela eta Hamasek gobernua osatu ondoan PANekiko harremanak etengo zituela esan zuen Tel Avivek, eta horrekiko ere kezka adierazi zuen Solanak. Mofazek Solanari esan zion daukan informazioaren arabera, Hamasek, EBren eta AEBen diru laguntzak jaso ezean, Iranen laguntza bilatuko duela. Bien bitartean, Israelgo Armadak Beit Hanungo sarbidea (israeldarrek Erez deitua) itxi zuen, berriz noiz irekiko duen azaldu gabe. Mofazek hainbat gomendio jaso eta Israelgo jarduneko lehen ministro Ehud Olmerti aurkeztuko dizkio gaur kabineteak egingo duen bileran. Gomendioen artean honakoak daude: palestinarrei soilik arrazoi humanitarioengatik uztea Beit Hanungo sarbidea erabiltzen; Al Muntarko sarbidea (Karni, israeldarrentzat) soilik horniketa humanitarioak sartzeko erabiltzea; elikagaiei eta enpresaburuei Gazatik Israelera sartzea galaraztea; Gazako aireportua eta portua berreraikitzeko baimenak bertan behera uztea. Horrez gain, atzo gauzatutako beste neurri bat ezartzea gomendatzen zuen, hots, Gazako diputatuei Ramalara, Palestinako Legebiltzarrean kargua hartzera, joatea eragoztea.Politikari palestinarrek esan zuten halako neurri zorrotzek palestinarren bizitza gogorrago bihurtzea eta tentsioa areagotzea besterik ez dutela lortzen.
Protestak eta heriotza bat
PANeko 200 bat polizia Gazako egoitza ofizial bateraino joan ziren atzo, batzuek airera tiro eginda, PANek zor dizkien soldatak exijitzeko.
Bitartean, errefuxiatu gune palestinarretan alkatetza funtzioa betetzen duten herri batzordeetako idazkari nagusi Azmi al Shijukhik atzo ohartarazi zuen Jordan haraneko palestinarrak egotzi nahian dabilela azken aldian Tel Aviveko gobernua, han kokagune juduak zabaldu eta gehiago eraikitzeaz gain.Horrez gain, gazte palestinar bat hil zen Gazako Al Bureij errefuxiatu gune ondoan, zerbaitek eskuetan eztanda eginda. Iturri palestinarrek adierazi zuten bazitekeela Israelgo Armadak utzitako lehergaia edota munizioa izatea eztandaren eragilea.
Datua
14
Palestinako legebiltzar berrirako diputatuetatik 14 preso daude; 13 Israelen eskuetan, eta bat (FPLP Palestina Askatzeko Herri Fronteko idazkari nagusi Ahmed Saadat) Palestinako Aginte Nazionalaren Jerikoko kartzelan. Israelen esku daudenetatik 10 Hamasekoak dira eta hiru Al Fatakoak, tartean Al Fatako buruzagi Maruan Barguti.