Pekingo Olinpiar Jokoak hasteko lau egun falta direla, atentatu handia egin dute gaur goizean Txinan, Xinjiang probintziako Kashi hirian. Zehazki, polizia etxeari eraso diote: bi kamioi hurbildu dira eta bi granada jaurti dituzte. Ondorioz, 16 polizia hil dira eta beste 16 zaurituta daude. Erasotzaileetako bi -bi kamioien gidariak- dagoeneko atxilotu dituela zabaldu du Txinako Poliziak.
Txina ipar-mendebaldean dago Xinjiang probintzia, eta erlijioz musulmanak diren uigurrak dira eskualde hartan nagusi. Aspalditik independentzia eskatzen dute uigurrek, eta tarteka ekintza armatuak egiten dituzte. Txinako erregimenak "terrorismo islamistatzat" jotzen du haien borroka eta gogor zigortu du uigurren mugimendua. Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute uigurrak zapaltzeko aitzakia gisa erabiltzen duela Txinak "terrorismo islamista". Nolanahi ere, AEBek babestu egin dute Txinaren jokabide hori, uigurren mugimendu independentista "nazioarteko terrorismoaren zerrenda beltzean" sartu baitu.
Pekingo Olinpiar Jokoak hasteko lau egun falta direla gertatu da atentatua. Col Tian Yixiang Jokoen segurtasun arduradunak duela egun batzuk esan zuen "terrorismo islamista" zela Jokoen kontrako mehatxu nagusia.
Mundua
Hamasei polizia hil dituzte Txinan atentatu batean, Olinpiar Jokoak hasi bezperetan
Erasotzaileek bi granada jaurti dituzte Kashi hiriko polizia etxe batera. Hildakoez gain, beste hamasei polizia zaurituta daude. Uigurrak dira nagusi atentatua gertatu den Xinjiang eskualdean, eta independentzia eskatzen dute. Erasotzaileetako bi atxilotu dituela dio Txinako Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu