Hamas Palestinako erakundeak eta hango beste bederatzi taldek baztertu egin dute atzo Egiptok eta Frantziak Gazarako (Palestina) egindako plana -Hamas da nagusi Gazan-. Agiri batez jakinarazi dute hori, gaur arratsaldean. "Planak konponbiderako ez du baleko oinarririk", diote Hamasek-eta. Haien ustez, palestinarrentzat "arriskuak" ditu proposamen horrek, Israel "indartuko" lukeelako. "Orain arte lortu ez dituen emaitzak lortzen lagunduko lioke etsaiari".
Nazioarteko behatzaileek auzian parte hartzea baztertu dute Palestinako talde horiek, eta herrialde arabiarren esku-hartzea zalantzan jarri dute.
Israeli erasoa gelditzeko exijitu diote, "eta berehala erretiratzeko, blokeoa altxatzeko eta mugak irekitzeko, batik bat Rafakoa [Gaza eta Egipto artekoa]".
Israel abenduaren 27tik erasoan da han eta, azken datuen arabera, 763 lagun hil ditu eta 3.120 zauritu -horietatik 375 oso larri daude-. Gaur, gutxienez, lau hil ditu. Hamasek Israelera koheteak botatzen zituelako hasi zen erasoan hau. Abenduaren erdian bukatu zuten biek urte erdiko su-etena.
Elkarrizketari ekin behar zaiola adierazi dute Egiptok eta Frantziak, eta Gazak bizi duen blokeoa bukatu egin behar dela. Bi parteek -Israelek eta Hamasek- su-etena eman beharko lukete, planaren arabera, eta Gazako muga ireki egin beharko litzateke, hango palestinarrek oinarrizko laguntza jaso dezaten. Horretaz gain, Israeli eta palestinarrei gonbitea egin diete "premiazko bilera egiteko".
Egiptoko presidente Hosni Mubarak-ek eta Frantziako Nicolas Sarkozyk aurkeztu zioten atzo plana Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluari -Frantzia da bertako buru urte hasieratik-. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak oniritzia eman zion proposamenari. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia ere alde agertu da.
Atzo bezala, Israelek gaur ere hiru orduko su-etena egin du Gazan, hemengo herritarrek giza laguntza jaso dezaten.
Israelek Libano hegoaldea ere erasotu du, misil bidez
Gaza ez ezik, Libano ere jo du gaur Israelgo armadak. Libanoko hegoaldera egin du eraso, bost misilen bidez, hemendik Israelera hiru kohete bota dituztela-eta. Airez ez du, oraingoz, parte hartu, eta une hauetan egoera aztertzen ari dira israeldar militarrak. Erantzuna "puntuala" izan dela esan dute. Lehen datuen arabera, bi israeldar zauritu dituzte libanoarrek.
Hezbola Libanono erakundeak iragarri zuen aurre egingo ziola Israeli, honek Gazan daraman sarrakia dela kausa. Hala ere, oraindik inork ez du bere gain hartu gaurko ekintza. Nabih Berri Libanoko Parlamentuko presidenteak esan du Hezbola eta Amal taldeek ez dutela koheterik bota. Hezbolak ere ukatu egin du bera dela erasotzailea.
MunDUA
Hamasek baztertu egin du Egiptoren eta Frantziaren plana
Agiria atera du gaur, Palestinako beste bederatzi talderekin batera. "Planak konponbiderako ez du oinarririk", haien ustez. Israelek 763 lagun hil ditu Gazan abenduaren 27tik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu