Hamasek berretsi du palestinarren batasunak ez duela atzerabiderik

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri du ez duela PANekin negoziatuko Hamas gobernuan izanez geroGazako gobernuburuak hainbat herrialde arabiar bisitatuko ditu datozen egunetan

Jon Fernandez.
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Palestinarren arteko berradiskidetzea «aukera estrategikoa» da Ismail Hanije Gazako gobernuburu eta Hamaseko liderrarentzat, «atzerabiderik ez duen aukera estrategikoa». Kairon egin du adierazpena Hanijek, Nabil al Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiarekin egindako bileraren ostean. 2007an gobernuburu izendatu zutenean Israelek blokeoa ezarri zion Gazari, eta hauxe da nazioarteko bira egiten duen lehen aldia. Egipton dago igandeaz geroztik, eta, datozen egunetan, Bahrain, Sudan, Tunisia, Turkia eta Qatar bisitatuko ditu Hanijek. Iragan maiatzaren 4an Al Fata eta Hamasen artean sinatutako eta azken asteotan sakondutako berradiskidetze itunarentzat nazioarteko babesa jasotzea da bidaldiaren helburua.

Bi alderdi palestinarrek izenpetutako akordioa gauzatzea berebizikoa dela nabarmendu du Hanijek, eta «berradiskidetzea sendotzeko balio duten pausoak» emateko prest daudela adierazi dio Al Arabiri. Babesa agertu dio hark Gazako gobernuburuari, eta hasitako bidean aurrera egiteko eskatu dio. Hanijeren arabera, Arabiar Ligaren babesa oso garrantzitsua da Hamasentzat eta Al Fatarentzat, «AEBek eta Israelek berradiskidetze prozesua zapuztea saihesteko». Bileran, bestalde, hainbat gai jorratu dituzte: Israelek preso dituen palestinarrak, Gazaren blokeo egoera eta Jerusalem ekialdean palestinarrek duten egoera. Hain zuzen ere, Jerusalem etorkizuneko Palestinako Estatuko hiriburua izateko halabeharrez finantza babesa eta babes politikoa behar izango dutela gogorarazi du Hanijek.

Egiptoko beste hainbat buruzagirekin ere hitz egin du Gazako gobernuburuak egunotan: Nadir al Asar Egiptoko inteligentzia zerbitzuetako buruarekin, Jairat al Shater Anaia Musulmanen buruarekin, Kamal Ganzouri Egiptoko lehen ministroarekin eta Ibrahim Daraui Kairoko Palestinarren Ikerketa Zentroko zuzendariarekin, besteak beste.

Ezetza, aldez aurretik

Datorren maiatzean egingo dituzte hauteskundeak palestinarrek gobernu berria aukeratzeko, eta dagoeneko hitzartu dute hauteskunde batzordea nork eratuko duen ere. Bitartean, behin-behineko batasun nazionaleko gobernua osatuko dute Al Fatak, Hamasek eta gainontzeko fakzio palestinarrek. Urtarrila amaitu baino lehen jakinaraziko dutenortzuek osatuko duten batasun nazionaleko gobernua, baina sortu aurretik jaso du lehen kolpea. «Hamas gobernu palestinarrean sartzen baldin bada, guk ez dugu negoziaziorik izango Palestinako Aginte Nazionalarekin», iragarri du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Hala ere, esandu PANekin bakea lortzeko zuzeneko negoziazioei «noiznahi eta nonahi» ekiteko prest dagoela. Haren ustez, baina, «beharrezko segurtasun neurriak betetzen badira egingo du soilik aurrera bake prozesuak». Nolanahi ere, PANen eta Tel Aviven arteko negoziazioa duela urtebete baino gehiago geratu zen ez atzera ez aurrera; besteak beste, horregatik jo zuen Mahmud Abbas PANeko presidenteak NBEko atea iragan irailean, Palestina eskubide osoko estatu kide gisa onar dezan. NBEko Segurtasun Kontseiluak ez dio oraindik erantzunik eman, baina Abbasen eskaera hutsak are gehiago izoztu du bi aldeen arteko negoziazioa, eta Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEBek, Europako Batasunak, Errusiak eta NBEk— azken hilabeteetan zuzeneko negoziazioei ekiteko egindako ahaleginak alferrekoak izan dira. Al Fataren eta Hamasen arteko berradiskidetzeak, gainera, Tel Aviven arbuio gogora ekarri du.

Bi lurraldetan ez eze, bi gobernutan bereizita egon dira palestinarrak 2007az geroztik. Urtebete lehenagoko hauteskundeetan Hamas atera zen garaile Gazan, eta bi alderdien arteko liskarrek gora egin zuten bertan. Ordura arteko batasun nazionaleko gobernua hautsi egin zen bost eguneko gerra zibilaren ostean. Harrezkero, Al Fatak agintzen du Zisjordanian, eta Hamasek Gazan. Ordutik, herrialde arabiar gehienek harreman estuagoa izan dute Abbasekin Hanijerekin baino —AEBek eta Europako Batasunak «talde terroristatzat» jotzen du Hamas— .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.