MunDUA

Hamasek Egipto utzi du, su-etenerako akordiorik lortu gabe

Igandean itzuliko da Hamas Kairora. Israelek palestinar bat hil du gaur Zisjordanian, eta Gazara elikagaiak eta laguntza zeramatzan Libanoko ontzi bati eraso egin dio. Handik ordu batzuetara Egipto eta Gaza arteko mugatik dirua sartu nahi zuen Hamaseko ordezkari bat gerarazi du Egiptoko Poliziak.

2009ko otsailaren 5a
19:32
Entzun
Hamas Palestinako erakundeko ordezkariek Egipto utzi dute bart, hango gobernuarekin ez dutelako lortu Gazarako (Palestina) su-eten iraunkorrerako akordiorik. Hala ere, igandean itzuliko dira berriro Kairo hiriburura. Israelgo Gobernuarekin zeharka negoziatzen ari da azken asteetan talde islamista-nazionalista. Lehenago ere horretan aritu dira bi aldeak, Egiptoko zerbitzu sekretuen bitartekaritzarekin.

Handik ordu batzuetara, Egiptoko iturriek adierazi dute Hamaseko negoziatzaile Aiman Taha atxilotu dutela Rafako mugan, Palestinara sartu nahi zuenean. Egiptoko Gobernuak ondoko Al Arish hirian duen prentsa arduradun Musad Badauik esan du Tahak bederatzi milioi dolarrekin eta bi milioi eurorekin igaro nahi zuela Rafako muga (Rafa Egipto eta Palestina artean zatitua dago 1981etik).

Alabaina, Kairotik segurtasun zerbitzuen iturriek ukatu zuten atxiloketa gertatu izana. Bi iturriak bat etorri dira esatean atzemandako diru hori Al Arishko banku batean sartu duela gero Tahak, itxura batean gero Palestinara transferentzia egiteko asmotan.

Negoziazioei dagokienez, Hamasek aitortu du "aurrerapen batzuk" egon direla elkarrizketetan, eta hitz egiten segituko dutela. "Bart bukatu ditugu negoziazioak, baina igandean edo astelehenean ekingo diegu berriro", esan du erakunde hark.

Abenduaren 27tik hiru bat astez 1.400 lagun inguru (gehienak zibilak) hil eta beste 5.500 zauritu zituen Israelgo armadak Gaza eskualdean. Hemendik Hamasek eta erresistentzia palestinarreko beste talde batzuek Israelgo jomugetara "koheteak bota zituelako" egin zuen Israelek erasoa, berak esan zuenez. Alabaina, Israelek ez zuen errespetatu iazko ekainean Hamasekin zeharka hitzartutako sei hilabeteko su-etena; esaterako azaroan gutxienez bost palestinar hil zituen Gazan.

Hildako bat Zisjordanian eta erasoa Gazan

Gaur bertan beste palestinar bat hil du, Janinen, Zisjordanian (Palestina). Maan News berri agentzia palestinarraren arabera, hildakoa Jihad Islamikoaren adar armatuko (Saraiat al Quds edo Jerusalemgo Brigadak) tokiko buruzagietako bat zen. Ala Ad-Din Abu Ar-Rub zuen izena. Geeroago Jihad Islamikoko eta Hamaseko iturriek salatu dute Israelgo armadak PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasen menpeko poliziarekin duen "elkarlanaren ondorioz" hil dutela Abu Ar-Rub. Abbasen menpeko PANeko polizia gehienak Al Fatari lotuta daude, eta Gazako polizia indarrak, aldiz, Hamasi.

Ordu batzuk geroago, Gazara 60 tona elikagai eta bestelako oinarrizko gaiak zeramatzan Libanoko ontzi bati eraso egin dio Israelgo itsas armadak, Gazako kostaldean. Al Jadid eta Al Jazeera telebista kateek azaldu dutenez, ontzira sartu aurretik hari tiro egin diote israeldarrek, "eta gero ontziko eskifaia jipoitu dute".

Israelek 2006ean ezarri zion blokeo ekonomiko eta politikoa Gazari, Hamas hauteskundeetan nagusitu eta berehala. AEBen eta Europako Batasunaren sostengua du Israelen blokeoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.