Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek hainbat agindu eman zituen atzo erresistentziari dagokionez. Batetik, PANeko segurtasun indarrei esan zien Israelen kontrako erasoak geraraz ditzatela. Bestetik, Al Aksako Martirien Brigadei «desegiteko» eta PANeko segurtasun gorputzetan sartzeko agindu zien. Israeli, aldiz, ekintzaileen erasoak eragotzi ahal izateko «hilabeteko epea emateko» eskatu zion.
Hain justu, eskatutako epea ukatu egin zion Tel Aviveko gobernuak PANeko presidente berriari. Bitartean, Israelgo Armadako buruak Gazako eskualdearen zati bat osoki okupatzea aztertzen ari dira, «segurtasun eremu» gisa, erresistentziaren erasoei hobeki aurre egin ahal izateko. Horren aurrean, gogor kritikatu zuen Tel Aviv PANeko Negoziazioetarako ministro Saeb Erekatek: «Abbasek eskainitako olibondo adarrari eraso gehiagorekin eta Gazako 1,3 milioi palestinarrak itoz erantzun dio».
Erresistentziaren ezetza
Ordu batzuk geroago, Hamasek ezezkoarekin erantzun zion Abbasen aginduari, eta Israelen aldetik palestinarrek pairatzen duten okupazioa bukatu arte borrokan segituko duela berretsi: «Talde islamikoek armak behar dituzte israeldarren etengabeko erasoetatik babesteko», esan zuen taldeak Damaskon (Siria) duen buruzagi Mussa Abu Marzukek.
Gazan Hamasek eta Jihad Islamikoak dituzten buruzagiek harekin bat egin zuten. «Sionistak dira zibilak hiltzen eta zauritzen ari direnak; beren tanke eta ibilgailu blindatuek gure kaleak inbaditzen dituzte eta guk gure zibilak defendatu besterik ez dugu egiten», adierazi zuen Hamaseko eledun Mahmud al Zaharrek, PANen neurriei «bidegabeko presio» iritzita. «Bortxaketa baten biktimari ez erresistitzeko eskatzea bezala da, onartezina». Anartean, Israelgo Sderot hirira koheteak jaurtitzen jarraitu zuen erresistentziak, eta Israelgo Armadak bi ekintzaile hil zituen Gazan.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA
Hamasek errefusatu ditu Israelen aurka ez ekiteko Abbasen aginduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu