Al Fata eta Hamas alderdi palestinarren arteko harremanak aurrera egin du, eta bake prozesuko hainbat auzi arazotsutan ados jarri direla aditzera eman dute. Otsailean PAN Palestinako Aginte Nazionaleko gobernuak dimisioa eman zuen, eta Mahmud Abbas presidenteak Salam Fajad izendatu zuen lehen ministro, agintaritza berria ezar zezan. Halakorik ez da oraindik gertatu, ordea, eta horrek bi alderdien arteko tentsioa areagotu egin du azken hilabeteetan. Dena den, 2007ko hauteskundeetan Hamas alderdiak Gazan garaipena eskuratu zuenean hautsi zen bi alderdien arteko lotura. Azzam al Ahmad Palestinako Parlamentuko kideak atzo azaldu zuenez, baina, joan zen maiatzaren 4an bi alderdiek sinatu zuten adiskidetze akordioak indarrean dirau oraindik, eta hitzarmenaren zehaztasunak hilabete honen amaieran kaleratuko dituzte, Abbasek eta Jaled Meshal Hamaseko buruak akordioa sinatu ondoren egingo duten lehen bileraren ostean.
Bi aldeek, gainera, datozen hauteskundeak maiatzean egingo dituztela erabaki dute, baina horiek aurrera eramateko hainbat baldintza betetzeko konpromisoa hartu dute; hala nola, batasun nazionaleko gobernua osatzea ezinbestekoa izango da, eta horretarako hauteskunde batzorde berri bat eta bozetarako auzitegia eratuko dituzte, hauteskundeen gardentasuna bermatzeko. Gainera, Palestinako armada berritzeko borondatea erakutsi dute. Guzti hori, dena den, hilabete amaieran Kairon egingo duten bileran zehaztuko dute; Israelekiko bake prozesu geldotua izango da eztabaidagai nagusietako bat, eta PANen etorkizuna, bake negoziazioak eta independentziaren aldeko borrokaren inguruan ere arituko dira.
Laukotearen lana
Hain zuzen ere, palestinarren eta Israelen arteko gatazkari konponbidea emateko asmoz, Ekialde Hurbilerako Laukoteak — AEB, Europako Batasuna, NBE Nazio Batuen Erakundea eta Errusiak osatua — bi aldeetako ordezkariekin bilerak egin ditu Jerusalemen. Iragan urriaren 26az geroztik, Tony Blairrek gidatutako erakundeko ordezkariek, besteak beste, Abbas presidente palestinarrarekin eta Isaac Moljo negoziatzaile israeldarrarekin batzartu dira. Nolanahi ere, ez dute lortu bien arteko bilerarik egiterik. Bi aldeek duela urtebete utzi zituzten elkarrizketak. Irailaren 23an, baina, PANek NBEn eskubide osoko estatu kide moduan sartzeko eskaera egin zuenean, Laukoteak hilabeteko epea eman zien berriro ere bilerei ekiteko, eta elkarretaratzeok horren ondorio dira.
Bi herrialdeen arteko bake prozesua, ordea, oso mantso doa. Laukoteko bileretako AEBen ordezkari Mark Tonerrek jakinarazi duenez, eztabaidak «apurka» ari dira garatzen, eta «aurrerapauso handirik» eman ez bada ere, «bideak aurrera darrai, eta hori da garrantzitsuena». Elkarrizketetatik, baina, jarrera kontrajarriekin atera dira bi aldeetako ordezkariak: Moljoren hitzetan, palestinarrek uko egin diotenegoziazio mahaira itzultzeko aukerari; horien aburuz, berriz, gatazkaren alderdi guztiak eztabaidatzeko prest azaldu dira, baina horretarako Israelek «seriotasuna» erakutsi behar du, eta lur palestinarretan eraikitzen ari den legez kanpoko eraikinak bertan behera utzi, hau da, «okupazioa eten». Ez hori bakarrik: 1967ko mugetara itzultzea onartu behar duela berretsi du PANek.
Nazioartea, zatituta
Bakea lortu ahal izateko muga jarri die Laukoteak: 2012 urte amaiera. Elkarrizketa mahaiek ordura arte iraungo dute, eta epea igaro baino lehen akordioa lortzea izango da bien helburua. Baina PANek NBEn sartzeko eskera egin zuenetik, nazioarteak oso jarrera kontrajarriak erakutsi ditu, eta auzia zaildu egin da. Israelek, berak, palestinarren aurkako neurriak hartu ditu; hain zuzen ere, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak Palestina estatu kidetzat onartu zuenetik, PANi ematen dion 59 milioi euroko arantzela tasa bertan behera utzi du Tel Avivek.
Palestinarrek, gainera, zailtasun ugari aurkitu dituzte beren aldarrikapenetan aurrera egiteko. Nagusiena, NBEko Segurtasun Kontseiluko estatu kideen adostasun eza izan da. Izan ere, iragan asteko bileran argi geratu zen Palestina eskubide osoko estatu kide bilakatzeko egingo den bozketan, beharrezko dituen bederatzi estaturen babesik ez duela eskuratuko, eta AEBek ez dutela beto eskubidea erabiltzeko beharrik izango. Gainera, beto eskubide hori bertan behera uzteko gaitasuna duten Frantziak eta Erresuma Batuak abstenitu egingo zirela iragarri dute, aukerak deuseztatuz. Parisek, hala ere, hamar milioi euro emango dizkio PANi, moztu dizkioten diru laguntzen hutsunea betetzeko.
Hamasek eta Al Fatak akordioak lortu dituzte hainbat auzi gatazkatsutan
Ekialde Hurbilerako Laukoteak iragarri du «aurrera» doala Israel eta palestinarren arteko bake prozesua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu