Azken egunetan elkarren kontra borrokan ibili ostean, menia hitzartu dute Hamasek eta Al Fatak. Mahmud Zahar PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministroak (Hamasekoa da) eman du akordioaren berri, eta goizeko hiruetan sartu da indarrean (ordubiak Euskal Herrian).
Lekukoen arabera, harrezkero asko lasaitu da giroa Gazako kaleetan, baina nazioarteko kazetarien arabera, goizegi da su-etenak arrakasta izango duen jakiteko. Gauzak nola bilakatzen diren ikusteko zain dira.
Azken egunetan borroka gogorrak izan dira Hamas eta Al Fatako jarraitzaileen artean, eta 30etik gora dira hildakoak. Nazioarteko berriemaileen arabera, 2006an Hamasek Gobernurako bozak irabazi zituenetik palestinarren artean jazo diren borroka gogorrenak dira.
Zahar Atzerri ministroak agertu duenez, Ismail Hania lehen ministroaren (Hamas) eta Mahmud Abbas presidentearen (Al Fata) hurbil-hurbileko laguntzaileen arteko elkarrizketen emaitza da menia. Egipto eta Saudi Arabia ibili dira bitartekari lanak egiten.
Palestinarren bi alderdi nagusien arteko borrokak duela egun batzuk lehertu ziren, batasun nazionaleko gobernua eratzeko negoziazio saioek berriro ere porrot egin ondoren.
Ekialde Hurbila
Hamasek eta Al Fatak hitzartutako menia indarrean da
Azken egunetan borroka gogorrak izan dira palestinarren alderdi horien artean, eta 30etik gora dira hildakoak. Lekukoen arabera, oraingoz lasaitasuna itzuli da Gazako kaleetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu