Hamasek Israelekiko negoziazioak eteteko exijitu dio Abbasi

Alderdi islamistako bi kide atxilotu ditu Tel Avivek; Gazak batasun nazionala lortzeko deia egin du

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Bi egunean Hamaseko bi goi kargudun atxilotu ditu Israelek. Ostegunean, Aziz Duwaik Zisjordaniako Parlamentuko presidentea atzeman zuten, eta atzo, berriz, Jaled Ibrahim Tafex legebiltzarkidea. Alderdi islamistak haserre erantzun du, eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruari Israelekin negoziazioak berehala eteteko exijitu dio.

2010eko irailetik etenda dagobake prozesua, eta berriz ere martxan jartzeko Jordanian atariko elkarrizketak egiten ari dira, hain justu PAE Palestina Askatzeko Erakundea eta Israel, Ekialde Hurbilerako Laukotearen bitartez —AEB, EB Europako Batasuna, Errusia eta NBE—.Hamaseko bozeramaile Ahmed Baharrek, baina, uste du Abbasek Tel Aviveko ordezkariekin biltzeari utzi behar diola. «PANek Israeli jakinarazi behar dio haren etengabeko krimenak ez dituela estaliko, eta ez direla erantzunik gabe geratuko», adierazi du.

Gazako Hamaseko lehen ministro Ismail Haniyek ere haserre hitz egin du atxiloketen ondotik, eta mehatxu egin dio Israeli, «egun ilunak» iritsiko zaizkiola ohartaraziz. PAE Israelekin biltzea «oker handia» dela nabarmendu du. «Ez dugu onartzen herriaren sinboloak atxilotzen dituen etsaiari eskua ematea». Horretaz gain, nabarmendu du palestinarrak adiskidetzeko ahaleginak egin behar dituztela, eta hori lehenbailehen egin behar dutela. Horretarako, otsailaren hasierarako «presazko» bilera batera deitu du Legebiltzarrean.

«Terroristekiko lotura»

Ustez talde terroristekin loturak dituztela argudiatuta atxilotu ditu Tel Avivek Tafex eta Duwaik. Azken hori Ramalatik gertu atzeman zuten, Hebronera bidean zela. Wafa eta Maan agentzia palestinarrek salatu dute bi orduz lotuta eta begiak estalita eduki zutela , eta gero leku ezkutu batera eraman zutela. Tafex, berriz, Belenen atxilotu zuten, etxea miatu eta sakelakoa eta ordenagailua konfiskatu eta gero. Atxiloketak palestinarren adiskidetzea saihesteko egin dituztela salatu du Baharrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.