Hamaseko adar politikoak buruzagia hautatu du, Haniyehren hilketaren ostean

Yahya Sinwar da Hamaseko adar politikoko lider berria. Orain arte, erakunde islamistaren arduraduna zen Gazan, eta Israelek leporatzen dio urriaren 7ko erasoen antolatzaile nagusia izatea. Ismail Haniyeh ordezkatuko du.

Yahya Sinwar Hamaseko adar politikoko lider berria. MOHAMMED SABER / EFE
Yahya Sinwar Hamaseko adar politikoko lider berria. MOHAMMED SABER / EFE
2024ko abuztuaren 7a
15:50
Entzun

Hamaseko adar politikoak buruzagia hautatu du: Yahya Sinwar. Hala iragarri zuen atzo argitaratutako ohar batean. Iragan astean hil zuten Ismail Haniye, Teheranen —2017. urtetik zegoen karguan—, eta hura ordezkatuko du Sinwarrek; bai Iranek, bai Hamasek Israeli leporatzen diote hilketa. Israelek oraingoz ez du adierazpen ofizialik egin haren hilketari buruz. Orain arte, erakunde islamistaren Gazako arduraduna zen Sinwar, eta Israelek behin baino gehiagotan salatu du urriaren 7an Hamasen adar militarrak eta beste zenbait milizia palestinarrek eginiko erasoen —mila lagunetik gora hil eta 251 bahitu zituzten egun hartan— antolatzaile nagusia izan zela.

Errefuxiatu eremu batean jaio zen Sinwar, Gazako Khan Yunis hiriaren hegoaldean, eta 2017an izendatu zuten erakunde islamistaren zerrendako buruzagi. Hamas sortu eta bi urtera, 1989an, Al Majd taldea sortu zuen, Israelekin «kolaboratzen» zuten palestinarrak aztertzeaz arduratuko zena. Hain zuzen ere, urte hartan lau heriotza zigorreko kondena jaso zuen Israelen, hango armadako bi soldadu eta horiekin «elkarlanean» aritzen ziren lau palestinar hiltzea egotzita. 2011n irten zen espetxetik, Hamasek bahitua zuen Gilad Shalit soldadu israeldarra askatzearen truke mila preso palestinar baino gehiago askatu zituztenean —tartean Sinwar bera—.

«Oso jakintsua da, ezagutza zabala du gizarte israeldarrari dagokionez», adierazi zuen aspaldi Betty Lahatek Sinwarren inguruan. Lahat Israelgo Hasharon espetxeko zuzendaria zen Hamaseko buruzagi politiko izendatu berri dutena han atxilo egon zen garaian. 

Nazioarteko Zigor Auzitegiak Sinwar atxilotzeko agindua ezarri zuen maiatzean, urriaren 7ko erasoetan eginiko «gerra krimenen» harira, Hamaseko beste hainbat kiderekin batera. Al-Arabiyatelebista kateari emandako elkarrizketa batean, Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagarik «historiako gertakaririk larrienaren parte izatea» leporatu zion Sinwarri, eta harentzako «leku bakarra» zegoela aldarrikatu: «Mohamed Deif hildakoaren ondoan».

Erakunde islamistak adierazi du «konfiantza osoa» duela Sinwarrengan, «etsai israeldarraren aurkako borroka areagotu den aldi historiko honetan».  Ekialde Hurbilean nabarmen gaiztotu da egoera azken egunetan: adar politikoko buruzagi ohi Ismail Haniyehren hilketaz gain, Tel Avivek baieztatu zuen aurreko ostegunean adar militarreko buru Mohammed Deif hil zuela uztailaren 13an, Khan Yunisen. Libanoko frontean ere, tentsioa areagotzen ari da: joan den asteko astearte iluntzean Israelek Beirut bonbardatu zuen, eta Hezbollah milizia xiitako buruzagietako bat hil —Fuad Shukr—.

Yemengo huti matxinoek zoriondu egin dute Hamaseko adar politikoaren buru berria. «Hamas eta palestinar herri borrokalaria zoriondu nahi ditugu, Yahya Sinwar liderra hautatzeagatik», idatzi zuen atzo Mohamed Abdelsalam hutien bozeramaileak X sare sozialeko bere kontuan. Libanoko Hezbollah milizia xiitaren arabera, berriz, «Hamasen erabakiak erakusten du Haniyeh eta Deifen hilketek ez dituztela helburuak bete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.