MunDUA

Hamaseko Barne ministroa hil du Israelek, Said Siam

Gaza hirian sartu da, eta erietxe bat, kazetarien egoitza bat eta Nazio Batuen Erakundearen iheslarien gunea bonbardatu ditu.

2009ko urtarrilaren 15a
18:41
Entzun
Hamaseko lehen ministroa hil du Israelek, Said Siam. Hiru solairuko eraikin bat bonbardatu du eta, antza denez, bertan zegoen Siam. Israelek beste pauso bat eman du gaur, tankeekin Gazako (Palestina) hirian sartu delako, hegoaldean. Hainbat eraso egin ditu, eta Hamaseko beste lider baten etxea ere inguratu du, Mahmud al-Zahar ideologoarena.

Hamaseko agintarien kontra jarduteaz gainera, erietxe bat bonbardatu du, kazetarien egoitza bat ere bai, baita Nazio Batuen Erakundearen (NBE) iheslarien gunea (UNRWA) ere. Gainera, milaka herritar derrigortu ditu euren etxeak uztera.

Ehud Barak Israelgo Gobernuko Defentsa ministroak esan du "akats larria" izan dela UNRWAren aurka egitea. 700 lagun zeuden han barruan, eta hiru lagun behintzat zauritu egin ditu Israelek.

Horretaz gain, bart Gaza lurraldeko 70 guneren aurka egin du, eta hamarren bat palestinar hil ditu. Hamas Palestinako erakundeak, berriz, hamabost kohete bota ditu Israelera.

NBEk gaur berriro galde egin dio erasoa gelditzeko. Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusia Barakekin elkartu da, Jerusalemen. Bestalde, NBEko Batzorde Nagusiko presidenteak, Miguel D'Escoto nikaraguarrak, Israeli eta Hamasi berehalako su-etena eskatu die. NBEaren Segurtasun Kontseiluak berriki agindutako su-etena bete dezatela, alegia. "Gazaren aurkako erasoek etenik ez dute. Sutan dago, eta benetako infernua bilakatu da", esan du.

Israel abenduaren 27tik ari da erasoan da Gazan eta, azken datuen arabera, 1.044 lagun hil ditu eta 4.600 bat zauritu. Hamasek Israelera koheteak botatzen zituelako hasi zen erasoan hau. Israelen aldetik, hamahiru soldadu hil dira. Abenduaren erdian bukatu zuten biek urte erdiko su-etena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.