Gazaren aurkako erasoaldia

Hamaseko hiru goi buruzagi hil ditu Israelek

Gutxienez hamazazpi pertsona hil dituzte bart, tartean sei adingabe. Izz A-Din Al-Qassam Brigadek Tel Aviveko nazioarteko aireportuari eraso diote, baina ez da inor zauritu. NBEko Segurtasun Batzordeak gaitzetsi egin du gatazka, eta elkarrizketa mahaira itzultzeko eskatu die bi aldeei.

Familia bat bere etxea zegoen tokira begira, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
2014ko abuztuaren 21a
07:22
Entzun

Mohamed Abu Shamaleh, Raed al-Attar eta Mohamed Barhoum hil ditu bart Israelgo armadak bonbardaketa batean. Hala iragarri zuen bart Tel Avivek, eta gaur goizaldean berretsi egin du Hamasek. Izz A-Din Al-Qassam Brigadetako kideak ziren hirurak. Horiez gain, beste hamabost palestinar hil dituzte atzoz geroztik, tartean sei adingabe.

Gazako osasun iturrien arabera, erasoaldietako bat senideak lurperatzen ari zen talde baten aurkakoa izan da. Lau palestinar hil dira han.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak txalotu egin du Israelgo informazio agentzien lana, "haiei esker" hil dituztelako Hamaseko hiru buruzagiak. Bide batez, ohartarazi du operazioa ez dela bukatuko Israel hegoaldean bizi diren herritarren "segurtasuna bermatu eta terroristen azpiegiturak suntsitu arte".

Hala, Hamaseko kide batek ohar bat bidali zien Tel Aviveko nazioarteko aireportua erabiltzen duten hegaldiei, esanez haren aurka egingo dutela. Israelek berretsi ez duen arren, Izz A-Din Al-Qassam Brigadek jakinarazi dute gutxienez suziri bat jaurti dutela aireportuaren aurka.

Israelen operazioa, ordea, ez dagokio Gazari bakarrik. Azken orduetan gutxienez 11 palestinar atxilotu dituzte segurtasun indarrek Zisjordanian. Hala ere, ez dute datu gehiagorik eman operazioaren inguruan.

Bestetik, NBEko Segurtasun Batzordeak negoziazioetarako deia egin die bi aldeei. Zenbait iturriren arabera, Jordanian aurkeztutako bake plan bat aztertu zuten bart nazioarteko estatuburuek. Jordaniako ordezkaritzak, ordea, ez zuen hari buruzko daturik eman nahi izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.