Palestinako hauteskundeak

Hamasen esku utziko du Abbasek gobernuaren eraketa

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente eta Al Fatako buruzagiak Hamasi eskatuko dio hurrengo gobernua eratzeko. Gobernuaren osaketa "alderdi bozkatuenaren" esku utziko duela iragarri du palestinarren presidenteak, eta hori Hamas Erresistentzia Islamikorako Mugimendua da. Israelek, berriz, Hamasek eratutako gobernu bati ez diezaiola zilegitasunik aitortu eskatu dio nazioarteko komunitateari. Palestinarren artean ere liskarrak sortu ditu Hamasen garaipenak: mugimendu horretako eta Al Fatako jarraitzaile armatuen artean borrokak izan dira Gaza hegoaldean, eta hiru lagun zauritu dira.

2006ko urtarrilaren 27a
16:25
Entzun
"Orain arte ez diot inori eskatu gobernua osatzeko. Alderdi guztiekin ari gara harremanak izaten, eta, noski, alderdi bozkatuenari eskatuko diogu gobernua era dezala", adierazi du Mahmud Abbas PANeko presidenteak. Hamas alde handiz izan da Palestinako Legebiltzarrerako hauteskundeetako alderdirik bozkatuena: 132 jezarlekuetatik 76 alderdi horren esku geratu dira, gehiengo absolutua erdietsiz.

Hamasen garaipenak asaldadura handia sortu du, palestinarren artean ez ezik, baita nazioarteko komunitatean ere. Hauteskundeak egin aurretik AEBek, EB Europako Batasunak eta Israelek dagoeneko adierazi zuten Hamasen aurkako gaitzespena, eta "erakunde terroristen" zerrendakoa zela nabarmendu zuten. Ildo horretatik, indarkeria baztertzeko eta Israelgo Estatua onartzeko eskatu zion atzo nazioarteko komunitateak Hamasi. Israeldarren eta palestinarren arteko bake prozesua bultzatea xede duen Madrilgo laukoteak —NBE, AEB, EB eta Errusia— ere gauza bera eskatuk dio gaur.

Israelen eskaera

Bitartean, Israelgo Gobernuak eskari zehatza egin dio nazioarteko komunitateari: Hamasek eratutako edo Hamas kide duen gobernuari ez zilegitasunik aitortzeko. Tzipi Livni Israelgo Atzerri ministroak plazaratu du eskaera hori, eta zenbait iturrik zabaldu dutenez, aldi berean, tresneria diplomatiko handia jarri dute abian hleburu hori lortzeko.

Hamasi garaipena emanda, palestinarrek Gazatik erretiratzearekin bakerako bidean hasitako urratsei atea itxi dietela azpimarratu du Livni ministroak.

Borrokak Hamaseko eta Al Fatako ekintzaileen artean

Baina Hamasen garaipenak palestinarren artean ere sortu ditu liskarrak. Hala, Hamasen eta Al Fatako ekintzaileen artean borrokak izan dira gaur Gazan, Khan Junesen, eta hiru lagun zauritu dira. Meskitatik, otoitzalditik, irtetean hasi bide da liskarra, han ziren Hamaseko jarraitzaileen iduriko imanak Hamasen aurka eta Al Fataren alde hitzegin duelako.

Horrez gain, bart gauean Al Fataren adar armatu Al Aksako Martirien Brigadetako kideak kalera irten dira Gazan, Al Fatako zuzendaritzako kideen dimisioa eskatzera.Haien iduriko Al Fataren egungo zuzendaritzaren lan txarrak eragin baitu Hamasen garaipena. Hori dela eta, alderdiaren buruzagitzak dimisioa eman dezala galdegin dute, bereziki, Mahmoud Abbas Al Fatako buru eta PANeko presidenteak. "Hauteskunde hauen emaitzek ez dute Palestinako herria ordezkatzen. Abbas da gertatu den guztiaren erabateko erruduna", adierazi dio Reuters albiste agentziari manifestarietako batek.

Hala, Abbasen etxe paretik igarotzean airera tiro egin dute manifestariek. Hala ere, ez da istilurik izan, besteka beste, Hamasek bere ekintzaile armatu guztiei bart gauean Gazako kaleetan ibiltzea galarazi dielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.