Gazako eta Zisjordaniako administrazioak aginte bakarraren menpe jartzeko akordioa ontzen aritu dira Kairon Palestinako bi indar nagusiak: Al-Fatah (Zisjordanian agintzen du) eta Hamas (Gazan agintzen du). Gazako agintearen inguruan korapilatuta zeuden eztabaidak, eta, hainbat berri agentziaren arabera, akordio orokorraren azken ertzak leundu dituzte Egiptoko Gobenuaren bitartekaritzarekin egindako bileretan.
Hamaseko eledun Musa Abu Marzuken arabera, muga pasabideen kontrola batasun gobernu berriaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen esku geratuko da. Erantsi duenez, NBEk palestinarrekin zein israeldarrekin adostu beharko du "nola kudeatu" pasabideok.
Al-Fataheko Azzam Ahmewden esanetan, berriz, Gazako funtzionarioek ere —Zisjordaniakoek bezalaxe— soldata jasoko dutela erabaki dute elkarrizketotan.
Alde biek ekainean amaitu gabe utzitako lanei heldu diete atzo eta gaur Kairon. Ez zailtasunik gabe, eta ez desadostasunik gabe ere: adiskidetze ituna indarrean sartzeko prozesua ez ezik, Gaza nola berreraikiko duten ere adostu behar zuten orain. Atzo hasi ziren ofizialki Palestinako hiru alderdi nagusien arteko negoziazioak: Al-Fataheko eta Hamaseko ordezkariak ez ezik, Jihad Islamikokoek ere hartu dute parte. Egiptoko informazio zerbitzuetako burua aritu da bitartekari.
Auzi nagusi bat izan dute eztabaidatzeko: nola jarri indarrean gobernu berria, zeharo suntsituta dagoen lurraldean. Fatahek eta Hamasek apirilean adostu zuten batasun nazionaleko gobernua, eta ekainean izendatu zituzten kabineteko ministroak, hauteskundeetara lehenbailehen deitzeko asmoz. Handik hilabete eskasera, baina, Gazaren aurkako operazio militar zabala abiatu zuen Israelek, eta impasse-an geratu zen palestinarrek adostutako gobernua. Hamasek eta Gazako gainerako alderdiek erresistentzia armatuari heldu zioten; PAN Palestinako Aginte Nazionalak atzerrian egin zuen lan diplomatikoa, baina Fatah-ek ez zuen nahi bezain rol garrantzitsua jokatu. Ez, behintzat, palestinarren begietan: 50 eguneko gerra amaitu zenean, askok Hamas jo zuten garaile.
Horrek guztiak ez atzera eta ez aurrera utzi zituen batasuneko gobernuaren lanak hasteko asmoak. Kairoko gurko akordioak bultzada izan daitezke, besteak beste, 2006ko adiskidetze nazionalerako plana jarraituz 1967ko mugen araberako Palestinako estatu independiente bat aldarrikatzeko. Estatu horrek Jerusalem Ekialdea behar luke hiriburu.
Palestinarrek eta Israelgo Gobernuak urriaren amaieran negoziatu behar dituzte su-eteneko puntu korapilatsuenak: presoen auzia, kaia eta aireportua eztabaidatzeko. Palestinar guztien izenean hitz egin ahal izateko, ordea, ezinbestekoa zitzaien Al-Fatahi eta Hamasi euren artean berradiskidetzea.
Abbas, hain zuzen ere, New Yorken dabil egunotan. Atzo John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin elkartu zen Gazako egoeraz hitz egiteko, eta bihar Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian egingo du agerraldia. Ekialde Hurbileko hedabideek iragarri dutenez, Israeli presio egiteko ebazpen bat proposatuko die erakunde horretako kide diren herrialdeei.
Ekialde Hurbilerako epe luzeko konponbide bat proposatu asmoz, okupazioa amaitzeko egutegi bat prestatu dute palestinarrek; haren arabera, Israelek hiru urteren buruan atera behar lituzke bere koloniak, soldaduak eta segurtasun indarrak Zisjordaniatik.
Jakinda halako ebazpen batek gutxienez beto bat jasoko lukeela NBEren Segurtasun Kontseiluan —AEBena—, Abbasek beste aukera bat du eskura, eta, Haaretz egunkariak dioenez, hura erabiltzeko prest agertu da: nazioarteko justizia erakundeetara jotzea, Israelen gerra krimenak iker ditzaten. Washingtonen eta Ramallahen arteko talka saihesteko, Egiptoko presidenteak gaur hitz egingo du Barack Obama AEBetakoarekin. Palestinako statu quo-a "jasanezina" dela esan berri du hark.