Eta jada hamazazpigarren aldia da. Ben Bernanke Erreserba Federaleko presidenteari ez dio eskuak dardararik eragiten,ez die burtsen gorabeherei erreparatzen, eta ez da inbertsiogileek zer esango duten beldur ere. Kontsumo prezioak kontrolpean edukitzea baino ez du buruan. «Inflazioaren arriskua» saihestu nahian, AEBetako banku zentralak interes tasak puntu laurden igo ditu %5,25eraino.
Hamazpigarrenaren ostean, hemezortzigarrena ere laster etor liteke. Horretarako Erreserba Federalak inflazioaren eta hazkunde ekonomikoaren datuak oso gertutik zainduko ditu. Lan zaila du esku artean Bernankek zuzentzen duen Erreseraba Federalak. Inflazioa du batez ere kezka iturri. Petrolio upelak hilabeteak daramatza 70 dolarren eremuan, eta presio handia ezartzen ari da kontsumo prezioen gain.
OREKA ZAILA. Inflazioa kontrolpean edukitzeko interes tasak igotzea da Erreserba Federalak duen armarik eraginkorrena, baina epe luzera erabaki horren zeharkako kalteak handiak izan litezke ere. Pausoka, baina gelditu gabe, ari da diru politika gogortzen, eta ikusteko dago horrek zer ondorio dituen etxebizitzaren burbuilan,kontsumitzaileen eros ahalmenean, eta enpresen inbertsio gaitasunean. Finantzazioa garestitzeak, azken finean, ekonomiaren bilakaera ona baldintzatu dezake, eta horregatik, zaindu nahi du ere hazkundearen datua.
Interes tasek barne kontsumoa kaltetzen ez duten bitartean, Bernankek badirudi borondate irmoa duela diru politika gogortzeko, beti ere prezioak ez aztoratzeko asmoarekin. Petrolioaren garestitzeak eta inflazioaren mamuak, baina, ez die soilik AEBei eragiten. BIS Nazioarteko ordainketen Bankuak ohartarazi die herrialdeei «azkarrago» igo behar dituztela tasak.
Hamazazpigarren aldiz, Erreserba Federalak %0,25 igo ditu tasak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu