Hamid Karzaik onartu du porrot egin duela segurtasunak Afganistanen

Talibanek aldarrikatu dute euren garaipena dela NATOren tropak herrialdetik ateratzea

Erredakzioa
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Afganistango inbasioaren hamargarren urteurrenean egin du aitorpena Hamid Karzai presidenteak: «Bai gure gobernuak eta bai NATOk porrot egin dugu herrialdean segurtasuna bermatzeko orduan». Atzo esan zituen hitzok, BBC katean egindako elkarrizketa batean. Dena dela, egungo segurtasun gabezia nazioarteko indarrek gerraren lehenengo urteetan ezarritako estrategia militarraren eta Pakistanen «ezkutatuta» dauden talibanen kontrol faltaren ondorio dela argudiatu du.

«AEBek, NATOk eta Pakistanek aspaldi jarri behar zituzten jomugatzat talibanen babeslekuak, 2002 eta 2003 artean». Pakistanen eta Afganistanen arteko harremanari dagokionez, talibanei aurre egiteko Islamabaden lankidetza ezinbestekoa dela baieztatu du Karzaik; «baina talibanek ezin dute atzamar bat ere mugitu Pakistanen babesik gabe», gaineratu du.

«Jihadak irabazi du»

Talibanek ere hitz egin dute urteurrenaren harira, eta NATOko tropen irteera «gerra santuaren» garaipena dela aldarrikatu dute. «Okupazio iraunkorraren ideia aldarazi diegu, eta herrialdea uztera doaz», azaldu dute Afganistango AIP lekuko informazio agentziak zabaldutako agiri batean. Talibanek uste dute aliatuen tropen irteera jihadak eragin duela, musulmanen gerra santuak; eta, azaldu dutenez, azken urteetan izan duten «moral handiari, Alarenganako fedeari eta sakrifizio handiei esker» eutsi diote jihadari. «Tropen okupazioari eusteak gastuak, akatsak eta umilazioa baino ez dizkiote ekarriko AEBei», ohartarazi dute.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, azken bost urteetan 11.000 zibiletik gora —talibantzat jo dituzten hildakoak zenbatu gabe— eta 2.753 nazioarteko soldadu hil dira gerran. Azken hiletan talibanen erasoak ugaritu egin dira, eta errua «nazioarteari» egotzi dio Karzaik. Bere gobernuko ustelkeria kasuen erantzukizuna ere, «hein handi batean», nazioartearena dela adierazi du Afganistango presidenteak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.