Qatarko emirrak Gazara egin duen bidaia historikotzat jo dute Ekialde Hurbilean, Israelek palestinarren lurralde horri blokeoa ezarri zionetik (2007tik) harat bidaiatu duen lehen estatuburua izan baita. Ismail Haniye Gazako Gobernuko lehen ministro eta Hamaseko kideak egin dio harrera Hamad bin Khalifa al-Thani emirrari. «Emirraren bisitak ofizialki iragarri du bortz urtean baino gehiagoan Gazari ezarri zaion blokeo politiko eta ekonomikoaren amaiera», aldarrikatu du Haniyek. Israelen eta palestinarren arteko gatazkan, sinbolismo handiko mugimendua ez ezik, Qatarrek Ekialde Hurbilean lortu nahi duen erreferentzialtasunaren bertze adibide bat izan da bisita, Libian eta Sirian garatu duen atzerri politika espantsionistari eta zabalkunde ekonomikoari gehitzen zaiena.
Emirraren hegazkina Egipton lurreratu zen atzo, eta Rafaheko muga helikopteroz igaro zuen Al-Thanik. Gazako agintariek egin zioten harrera, eta bisitatutako lekuak Qatarko eta palestinarren banderez apaindu zituzten. Sostengu politikoa ez ezik, Al-Thani emirrak inbertsioak ere eraman ditu Gazara: aitzinetik iragarritako 254 milioi dolarrak (196 milioi euro) 400 milioi dolarrera igoko dituela jakinarazi du (309 milioi euro).
Emirraren bidaiak herrialde musulmanen artean nabarmentzeko parada eman diezaioke Qatarri, suniten eta xiiten arteko gatazken artean islamaren bi adarrak elkartzen dituen auzia baita Israelen aurkako jarrera. Dena den, lidergo bat lortzekoGaza erabiltzeko estrategia iraganean ere erabili izan da: Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak egin zuen duela bi urte, Israelek Askatasunaren Flotillari egindako erasoaren harira, baina erreferentzialtasun hura galdu du dagoeneko.
Hamas, Damaskotik Dohara
Qatarrek eta Hamasek egin duten harremana, ordea, aski adierazgarria da, alderdi islamistaren biraketa politikoa erakusten baitu. 2006an hauteskundeak irabazi eta Al-Fatahekin gatazka eduki ondoren Gazan boterea hartu zuenetik, politikoki ia bakartuta egon da alderdi islamista. Siria-Iran-Hezbollah ardatza izan du nazioarteko sostengu nagusia. Iaz Sirian hasitako matxinadak, baina, hori aldatu du.
Qatar Hamasi hurbildu ahala, Hamas Baxar al-Assad Siriako presidentearengandik urrundu da, haren oposizioari sostengua agertzeraino. Khaled Mexal Hamaseko buruak, Damasko utzi, eta Dohan ezarri zuen bere bulegoa. Siriako telebista publikoak hil honetan egindako editorial batean, Hamasi egotzi zion AEBen eta Israelen aurkako «erresistentzia mugimendua» uztea. Hamas matxinoen hurbileko senti liteke, horiek nagusiki sunitak baitira, eta islamisten presentzia handia baita, baina Al-Assad bezalako babesle handi bat uzteko, analista gehienen iritziz bertze bat aurkitzeak izan behar du arrazoia.
Gainera, Qatar da Siriako matxinoen babesle nagusietako bat, Turkiarekin eta Saudi Arabiarekin batera. Mendebaldearekin erabat lerratu da Qatar, eta Libian hasitako esku-hartze politikari jarraipena eman dio Sirian. Libian, NATOrekin batera parte hartu zuen Muammar Gaddafiren aurkako gerran. Aire bonbardaketak egin zituen, eta, gainera, 2.000 soldadu bidali zituen matxinoei lurretik laguntzeko, Nazio Batuen Erakundearen 1973. ebazpenak lurreko tropak Libiara bidaltzea espresuki debekatu arren. Matxinada hasi eta hilabetera, gainera, oposizioaren Kontseilu Nazionalak haren menpeko lurraldeetako petrolioa esportatzeko eskumena eman zion Qatarri.
Siriarekin, harreman aldaketa
Siriarekin eduki duen jarrerak, berriz, Turkiak eduki duenaren antzeko bilakaera izan du. Iragan hamarkadan, Turkiarekin batera Siriarekiko hurbilketa politiko eta ekonomiko estuena egin zuen herrialdea izan zen Qatar—Iran, betiko aliatua, alde batera utzita—. Horren erakusgarri, 2008an Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea Al-Assadekin Damaskon bildu zenean, Erdogan hantxe izan zen, eta harekin batera Al-Thani emirra. Harremana zeharo aldatu da, ordea. Adibidez, AFP agentziak eta Irango telebista batek argitaratu dutenez, Qatarrek —eta Turkiak— hilero 150 dolar (115 euro) ordaintzen dizkiote Siriako Armada Askeko matxino bakoitzari.
Petrolio eta, batez ere, gas erreserba aberatsak ditu Qatarrek. Horrek estu lotu du Mendebaldearekin, eta indar ekonomikoari etekin politikoa ateratzen ahalegindu da Doha, hor ere Mendebaldearekin bat baitator; monarkia sunita den heinean, Persiako golkoaren bertze aldean duen errepublika xiita du etsaia. 11.437 kilometro koadroko penintsula txikia, inperio izateko gurariekin.
Handi izan nahi duen txikia
Qatarko emirrak Gazara egin duen bidaia Ekialde Hurbilean lortu nahi duen tokiaren azken adibidea izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu