Sei estatutan egin zituzten atzo primarioak, eta, espero bezala, Joe Biden presidenteorde ohia nagusitu zen Alderdi Demokratan, eta Donald Trump presidentea errepublikanoetan. Oraindik ez dituzte eman Washingtoneko emaitzak, baina ziurra da Bidenentzat izango direla jokoan ziren sei estatuetako ordezkarietatik gehienak, eta, beraz, areagotu egin du Bernie Sandersekiko zuen aldea. Oraingoz,presidenteorde ohiak 148 ordezkariren tartea ateratzen dio Sandersi.
Sandersek 709 ordezkari ditu, eta Bidenek, 857. Senatari ezkertiarrak erraz garaitu zuen lehen primarioetan, baina Hego Carolinakoetan irauli egin zen egoera, eta Biden nagusitu zen nabarmen. Aldea nabarmen handitu zen Astearte Handian, duela astebete, eta, geroztik, indartuz joan da Bidenen hautagaitza.
Komunitate beltza da demokraten zutabe nagusietako bat, eta haien babes osoa du Barack Obama presidentearen ondokoa izandakoak. Mississippiko emaitzak ikusi besterik ez dago, non hautesleen %60 beltzak diren. Han 31 ordezkari eskuratu ditu Bidenek, eta bi Sandersek. 18 eta 49 urte bitarteko hautesleen artean, berriz, Sanders da nagusi, baina gaur-gaurkoz ez dirudi horrek behar adina boto emango dizkionik.
Primarioetako emaitzek eragina dute inkestetan ere, eta, ordezkari kopuruan atzera egin ahala, babesa galduz doa ezkerreko senataria. Real Clear Politics etxeak egindako azken galdeketaren arabera, urtarrilean %30 ziren Bidenen alde zeudenak, eta martxoan hogei puntu egin du gora haren babesak; Sandersen alde leudekeenen kopurua, berriz, soilik %40koa da.
Hala ere, bi hautagaiak oso urrun daude oraindik presidentetzarako hautagaitza lortzeko beharrezko kopurutik. Orotara 1.991 behar dituzte automatikoki hautagaitza eskuratu ahal izateko, baina ez dirudi bietako bakar batek ere halakorik lortuko duenik uztaileko kongresua baino lehen.
Trumpek zabalik ditu ateak
Errepublikanoen artean ez dago zalantzarik nor izango den hautagaia; izan ere, Trumpek erraz garaitu du bere aurkari bakarra, Billi Weld. Estatuburuak irabazi du Missourin, Mississippin, Idahon, Washingtonen eta Michiganen, eta haren alde egin dute Ipar Dakotan —ez dute primariorik egin, baina babesa agertu diote estatuburuari—.
Adituen artean, ugari dira defendatzen dutenak bi hautagaien artean Sandersek bakarrik dituela aukerak Trumpi irabazteko. Errepublikanoak, ordea, ukatu egin du halakorik, eta adierazi du «txanpon beraren bi aldeak» direla biak: «Demokraten presidentetzarako hautagaiak agenda sozialistaren arabera agindu nahi du, hautesleek eskatutakoa egin beharrean».