KANPUTXEA

Haur bat hil da nazioarteko eskola batean izandako bahiketan

Agentziak
PNOM PENH
2005eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Kanputxeako ipar-ekialdean dagoen Siem Reap herriko eskola bateko umeak hainbat orduz bahitu zituzten atzo. Bahiketaren ondorioz hiru urteko haur kanadar bat hil zen. Angkor Vat Kanputxeako turismo gune ezagunean lan egiten duten atzerriko hainbat langileren haurrak eskolatuta dauden ikastegi batean gertatu zen bahiketa. Lau gizonezkok eskolan sartu eta 70 bat lagun gatibu hartu zituzten, hauen artean hiru eta sei urte arteko berrogei bat haur zeuden. Poliziak salbamendu operazioa abiatu baino lehen, haatik, bahitzaileek hogeita hamar lagun inguru askatu zituzten.

Bahiketa goizeko lehen orduan izan zen. Armatuta zeuden lau gizonezko klaseak abiatu eta berehala sartu ziren eskolan. Ikastetxean hamabost bat herrialde ezberdinetako umeak daude. Bahitzaileek 30.000 dolar, armak eta ibilgailu bat euren eskura jartzeko exijitu zuten.

Datu nahasiak

Kanputxeako Informazio ministro Khieu Kanharithek emandako informazioen arabera, bahitzaileek hiru urtetako haurra hil zuten agintariak euren exijentziak onartzera behartu ahal izateko. Beste umeak banan-banan hiltzeko mehatxua egin zutelakoan, erasoaldia egiteko erabakia hartu zela zehaztu zuen ministroak. Haatik, beste informazio iturri batzuen arabera, haurra bahitzaileek eramatea eragozteko operazioan hil zela diote.

Bahiketaren egileak 22 eta 25 urteren arteko gazteak zirela zehaztu zuen Khieu Kanharithek.«Ez dakigu oraindik Kanputxearen Askatasunerako Gudariak deitutako erakundeko kideak ziren ala ez», gaineratu zuen ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.