mundua

Haurdunaldira kondenatuak

Latinoamerikan ezkerra indartsu dagoen arren, emakumeen eskubideei dagokienez, beste aldera begiratzen du. Azken hamar urteetan hainbat estatuk gogortu egin dituzte abortuagatik ezartzen dituzten zigorrak.

arantxa elizegi egilegor
2013ko azaroaren 24a
14:24
Entzun

Bortxatua izan ostean haurdun geratutako adingabe batek —abortua espetxearekin zigortzen den estatu batean— haurra izatea erabakitzea "miraria", "Jainkoaren ikur", "ausardia" edota "heldutasun seinale" da, abortuaren aurka daudenen iritziz. Aldiz, amaren edo umekiaren osasun arazoengatik haurdunaldia etetea, "hilketa". Izan ere, Latinoamerika eta Karibeko herrialde askotan oso mugatua edo erabat debekatua dago abortua. Azken horietan, soilik emakumea hilzorian dagoenean eten dezakete medikuek haurdunaldia, beti ere auzitegiek baimena emanez gero. Bitartean, eta umekiak jaiotakoan bizi-itxaropenik ez badu ere, eutsi egin behar dio. Legediak eskubiderik gabeko edukiontzi huts bilakatzen ditu haurdunak, umekiaren bizitza eskubidea beste edozeren gainetik jarriz.

Latinoamerika eta Kariben zazpi dira abortua erabat debekatu duten estatuak. El Salvador da horietatik legedia gogorrena duena. Han gizakitzat hartzen du Konstituzioak umekia sortzetik; ondorioz, haurdunaldia eteten dutenak 40 urte arteko kartzelara zigor ditzakete, homizidioz akusatuta. Legeak, gainera, sekretu profesionala urratu eta emakumeak salatzera derrigortzen ditu medikuak, nahiz eta frogarik izan ez. "El Salvadorren 1998an debekatu zuten abortoa —aurretik legezkoa zen amaren osasuna arriskuan zegoenean, bortxaketa kasuetan edota umekiak malformazio larriak zituenean—. Garai hartan emakumeen askatasuna eta eskubideak urratzen zituzten neurri asko bultzatu zituzten talde kontserbadoreek. Ordurako Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteak bazuen ordezkaritza legebiltzarrean, baina ez zuten ezer egin", azaldu du Mariana Moisak, Colectiva Feministako kideak.

El Salvadorkoa ez da, ordea, kasu bakarra. Azken hamar urteetan nabarmen gogortu dituzte abortuaren inguruko legeak Latinoamerikan, batez ere talde katoliko eta ebanjelikoen presioen ondorioz. "Elizak eta elite kontserbadoreek indar handia duten herrialdeez ari gara. Horietan talde feministek ez dute ia sostengurik gizartean, eta, ondorioz, ezta presio egiteko modurik ere. Bestetik, desberdintasun handiko gizarteak dira, non gehiengoa pobrezian bizi den eta ez duen eraginik politikagintzan. Eta, hain zuzen, gehiengo hori bera da ezkutuko abortuak egitera derrigortutakoa, erdi eta goi mailako emakumeek ez baitute arazorik klinika pribatuetara jotzeko", azaldu du Merike Blofieldek, Latinoamerikako Desberdintasunen Behatokiko zuzendari izandakoak. Nikaraguako adibideak egiaztatzen ditu Blofielden hitzak. Izan ere, Daniel Ortega egungo presidentea gerrillari sandinista izan zen garai batean. Egun, aldiz, Eliza katolikoaren aliatu bilakatu da emakumeen eskubideei buruzko gaietan. Berdin gertatzen da ezkerra agintean dagoen Latinoamerikako estatu gehienetan ere.

‘Bizitzaren alde’
Beatrizen kasuak nahasi ditu beste behin urak. 22 urteko neska horrek lupusa zuen bigarrenez haurdun geratu zenean. Horrez gain, umekiak ez zuen bizitzeko aukerarik, ez baitzuen garunik. Medikuek ohartarazi zioten haurdun jarraitzeak arriskuan jar zekiokeela bizitza, eta hark abortatu egin nahi zuela iragarri zuen. Auzia Konstituzionaleraino heldu zen, baina hark ere ukatu egin zion eskubidea, argudiatuz haren osasun egoera "egonkorra" zela. Ordurako nabarmen egina zuen okerrera Beatrizek. Bitarte horretan abortuaren aurkako taldeek hasia zuten "Beatrizen aldeko" kanpaina. Haiek ere ukatu egin zuten gaztearen bizia arriskuan zegoela, eta "egia manipulatzea" leporatu zieten talde feministei —Beatriz zegoen erietxeraino joan ziren aurkariak jaioberriarentzako arropak opari harturik—. Iritziz aldarazteko, erditzea erietxe pribatu batean egitea ere eskaini zioten taldeok 22 urteko gazteari.

Azkenik, haurduna gero eta ahulago zegoela ikusita, haurra ateratzeko ebakuntza egin zioten 27. astean. Bost orduren buruan, hila zen jaioberria. Gustura zeuden abortuaren aurkariak. "Beatriz erditu izanak eta bizirik jarraitzeak frogatzen du ez zela egia haren bizia salbatzeko aukera bakarra abortatzea zenik. Orain Beatrizek ez dio gehitu beharko alaba baten heriotzak eragindako minari abortuaren trauma gainditzeak eragiten duen urraketa", adierazi zuen Gador Joyak, Bizitzeko Eskubidea taldeko eledunak.

Ebakuntza amaitutakoan desagertu zen, ordea, talde kontserbadoreen Beatrizekiko interesa. Hiru hilabetera, Beatrizen lupusak okerrera egin zuen. Tratamenduak jadanik ez dio mina baretzen. Colectiva Feministak gaitzetsi du abortatzeko eskubidea ukatzen den aldiro haren antzeko egoeran dauden emakumeen biziak jartzen direla arriskuan. "Beti gauza bera da. Baliabide gutxiko emakumeak dira legeak zigortzen dituenak. El Salvadorren emakumeek haurdunaldiko arazoak dituztenean eta beren kabuz erietxera joan ezin direnean Poliziara deitzen dute, eta haiek eramaten dituzte, maiz konorterik gabe. Ospitalean abortu bat izan den zantzuak aurkitzen dituztenean, medikuek fiskaltzari deitzen diote, eta hura naturala edo eragindakoa izan den argitu aurretik ere, ohera lotzen dituzte. Hamabost egunean gehienak espetxean daude", dio Moisak.

Jazarriak
Emakumeen aurkako jazarpena alor guztietara eraman dutela salatu du Colectiva Feministak. Izan ere, medikuak sekretu profesionala urratzera ere derrigortzen ditu legeak, haurdunak ezkutuko baliabideak eta gehienetan arriskutsuak erabiltzera derrigortuz. Aldi berean, ordea, soilik emakumeak hartzen dituztela kontuan salatu du Moisak, "aitatasun arduragabea bultzatuz". "Badirudi haurdunaldia soilik emakumeen kontua dela, eta nik dakidala horretarako gizonak ere beharrezkoak dira. Bortxaketa kasuetan ere erasotzaileari gehienez zortzi urteko zigorra jar dakioke; aldiz, bortxatutako emakumeak abortatuko balu, berrogeikoa. Euren asmoa derrigortutako amatasuna ezartzea da, ez delituari jazartzea".

Sexu heziketarik eza da arazoaren beste alderdia. Colectiva Feministaren datuen arabera, soilik El Salvadorren, urtearen lehen erdian eta 15 eta 19 urte arteko mila emakumetik %89 haurdun geratu dira —Latinoamerikako batez bestekoa %79koa da—. Haurdunen hilkortasun tasa ere handia da, baina, abortu gehienak ezkutuan egiten direnez, ezinezkoa da zenbaki zehatza jakitea. "Haurdunaldi horietako asko sahiets zitezkeen sexu heziketa egokiarekin. Hain zuzen, 1998an Konstituzioa aldatu aurretik, horri buruzko eztabaida zegoen pil-pilean; emakumeen eskubideen aldeko elkarteek eta Unicefek beharrezkotzat jotzen genuen. Izan ere, hemen hezkuntza publikoan inoiz ez da sexuaren gaia jorratu. Pentsa noraino heldu zen gatazka, Unicefek sexu heziketari buruz ateratako liburuxkak erre zituzten kalean eskuin muturreko taldeek. Erdi Aroan geundela zirudien. Hamabost urte igaro dira, baina oraindik ere Eliza katolikoak izugarrizko eragina du gobernuaren erabakietan", nabarmendu du Moisak.

Badira, ordea, beste alderako pauso txikiak ematen hasiak diren herrialdeak ere. Brasil bera, adibidez. Han, Dilma Roussef presidenteak babestu egin zuen, bortxaketa kasuetan eta 72 orduko epean, frogak aurkeztu beharrik gabe abortatzeko pilula hartzeko aukera ematen duen legea —Brasilen legezkoa da abortua amaren bizia arriskuan dagoenean eta bortxaketa kasuetan—. Txilen, bestetik, hauteskunde kanpaina bete-betean Michelle Bachelet hautagaiak nabarmendu zuen abortuak zigorrik gabea beharko lukeela oinarrizko hiru kasuetan —amaren osasuna arriskuan dagoenean, bortxaketa egon denean eta umekiak malformazio larriak dituenean—. "Dena ez dago galdua. Oraindik ere talde kontserbadoreen esku dago boterea eta horrekin batera iritzi publikoan presio egiteko baliabide nagusiak, komunikabideak kasu. Baina Latinoamerika eta Karibeko zenbait herrialde hasiak dira esnatzen. Esaterako, Uruguain duela gutxi onartu dute abortatzeko eskubidea", adierazi du Blofieldek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.