DAVE BIETER ALKATETZARAKO

Hautagai euskalduna Boiserako

David Bieter Idahoko Ordezkarien Ganberako kidea estatu horretako hiriburuko alkate izateko lehiatuko da astearteko bozetan, eta, inkesten arabera, irabazi egingo du

martxelo otamendi
2003ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Boisetarrek orain arte egindako inkestetan adierazi duten iritziari eutsiz gero, Dave Bieter hautagai euskal-amerikarrak irabaziko ditu azaroaren 4an, asteartearekin, Boise hiriburuan (AEBak, Idaho) egingo diren udal hauteskundeak. Bieter demokrata ezaguna egin zen Euskal Herrian Cenarrussa Estatu idazkariarekin batera Idahoko Kongresuan, estatuko Ordezkarien Ganberan eta Senatuan, 2002ko martxoan Idahoko Memoriala onartzea lortu zuelako.

Beste hautagaiek kanpainan diru gehiago xahutu duten arren, inkestek Bieter erakusten dute irabazle.Bieterrek, ordea, dezente lehenago egin zituen bere lehen urratsak politikaren munduan. Familia ezaguna da Bieterrena Boiseko eta Idahoko euskal komunitatean bereziki; aita zena Ordezkarien Ganberako kide hautatua izan baitzen hainbat legegintzalditan. Dave semea, hain zuzen, aita (amarekin batera) auto istripuz hil izanaren ondorioz sartu baitzen Idahoko Ordezkarien Ganberan, aitaren eserlekua hartuz. Ordura arte abokatutzan jarduna zen Bieter gaztea politiko profesionala bihurtu zen. Aitaren eta familiaren tradizioari segituz, Alderdi Demokratan sartu zen, errepublikarrak nagusi diren estatu eta hiriburuan; gaztetan euskara ikastera bultzatu zuen tema eta ilusio berarekin.

Benetako apustua

Datorren asteartean dauka Bieterrek bere benetako bataio politikoa. Aulki hutsek markatu dituzte Bieterren bizitza politikoaren lehen urteak. Estatuko Ganberara lehen aldiz aitarena betetzera sartu zen, nahiz geroztik bitan irabazi duen erraztasun handiz Ordezkarien Ganberakoa. Baina, aulki hutsekin segituta, datorren astearteko udal hauteskundeak Boiseko alkatearen dimisioaren ondorio dira. Alegia, alkatearen aulkia ere hutsik da, aurtengo otsailaren 14an Brent Coles alkateak dimititu zuenetik.

Bieter ezagutzen dutenek badakite, behin Idahoko Ordezkarien Ganberan sartuta, ez zuela sekula baztertu halako batean Boiseko alkatetzarako lehian sartzea; baina aukera hori ez zegoen horren aurrean bere egutegi politikoan. Ordezkarien Ganberan urte batzuetan herritarrengandik gertu lan eginez hiriburu osoan izena hartu ondoren aurkeztuko zen bakarrik alkatetzarako; are gehiago ohartuta Coles alkatea errepublikarra berriro aurkezteko asmotan zen bitartean oso zaila izango zuela irabaztea. Bieter Idahoko 19. barrutiko ordezkaria da, eta barruti hori Boiseko zati bati dagokio. Orain arte erraztasun handiarekin irabazi izan du barruti horri dagokion ordezkaritza. Alkatetza, aitzitik, askoz plater goxoagoa da Idahoko politikan nabarmendu nahi dutenentzat.Colesen dimisioak, hortaz, hankaz gora jarri zuen Bieterren egutegi politikoa eta oso Bietertarrena den ausardiarekin jokatuz, serio hasi zen pentsatzen alkatetzarako lehiatzeko aukera. Pentsatu eta egin. Boiseko analista politikoek harriduraz hartu zuten Bieterren iragarpena. Ez zen kikildu eta aurrera egin zuen. Azken bi hilabeteotako inkestek irabazle jotzen dute.

Euskal komunitateko kidea

Bieter ez dago bakarrik alkate izateko ahaleginean, Boiseko euskal komunitatea dauka atzean, Bieter familia erreferentzia handikoa baitzen eta da komunitate horretan. Bai Bieterren gurasoak eta baita ere Bieterren anai-arrebak. Chriss anaia epaile eta Boiseko ikastolako aita da, eta John anaia irakaslea.

Baina goi mailako atxikimenduak ere jaso ditu Bieter hautagaiak. Haren alde agertu da Pete Cenarrussa errepublikarra, berrogei urtez Idahoko Estatu idazkaria izan dena eta azken hamarkadetan Idahoko eta Boiseko euskal komunitatearen eragile nagusietako bat. Bieterrek eta Cenarrussak afiliazio politiko desberdin eta elkarren aurkakoaizatea (Bieter demokrata da eta Cenarrussa Idahoko errepublikarren aitaponte nagusia) ez da oztopo izan, hautagaiak Cenarrussaren laguntza jasotzeko. «Ez dut inolako dudarik eduki Bieterren aldeko botoa eskatzeko orduan. Euskalduna da, gure komunitateko kidea, oso ondo ezagutzen dut, elkarrekin atera genuen aurrera Euskal Herriaren aldeko Idahoko Memoriala, eta seguru nago hautagairik onena dela. Bata demokrata eta bestea errepublikarra izatea, bigarren mailako kontua da niretzat. Garrantzitsuena da Boisek alkate euskalduna eta Euskal Herriaren aldekoa edukitzea, eta hori oso ona da euskaldunontzat», adierazi dio Berriari Cenarrussak. Goi mailako atxikimendu gehiago ere jaso ditu Bieterrek; besteak beste, Idahok izan zuen Cecil D. Andrus azken gobernadore demokratarena. Eskola publikoetako arduradun nagusia, suhiltzaileen sindikatua... asko dira bere aldeko botoa eskatu dutenak.Lehia gogorra izango du Bieterrek asteartean. Bieter da hautagai aurrerakoi bakarra, eta berarengana bilduko dira Boiseko udaletxearen kudeaketatik eskuina kanporatu nahi duten sektoreak. Eskuineko hautesleak eskuinaren hiru hautagaien artean aukeratu behar du, eta eskaintza aniztasun horrek Bieterren alde jokatuko du asteartean. Kaleko kanpaina ari da batik bat egiten Bieter, eta horrekin batera etxeetako afariak, hautesle Bieterzale batek bere etxera hautesle posibleak eta Bieter bera eramanez osatzen direnak. Etxe aurreko belardietan gehien ikusten diren afixek Bieterren aurpegia eta ikurrak erakusten dituzte. Bera da, ahalbide ekonomikoak behartuta, kanpaina herritarrengana gehien hurbiltzen ari dena.

Aurkari sendoak

Killeen sheriff-a eta Winder dira Bieterren aurkari nagusiak. Biak esparru errepublikarrekoak eta biak Bieter baino askoz ere ezagunagoak Boisen; eta hautagai euskaldunak baino diru gehiago daukate kanpainako gastuei aurre egiteko. Winderren alde agertu dira Idaho estatuak Washingtongo Kongresuan dauzkan bi parlamentariak, Mike Simpson eta Butch Otter, eta senatuan daukan ordezkaria, Larry Craig. Azken hori, Craig senataria, Idahoko Memorialaren aferan Espainiako enbaxadore Javier Ruperezen aliatu nagusietako bat izan zen asmo hura zapuzteko, azkenean lortu ez zutena.

Iragarpenen arabera, Bieterrek irabaziko du lehen itzulian, baina bigarrenean irabaztea askoz ere zailago egingo zaio, baldin eta eskuinaren beste bi hautagaietako batek bestearen alde egiten ez badu. Bigarren itzulian eskuineko beste bi hautagaiek nork bere aldetik segitzen badute, errazagoa izango da Bieterrentzat bera izatea hurrengo urteetan Boiseren erabaki nagusiak hartuko dituena. Bi hauteskunde izango dira batera asteartean. Bata alkatea aukeratzeko, bestea zinegotziak aukeratzeko. Alkatea aukeratzeko zerrendak hautagai bakarrekoak dira. Hau da, Bieter bera aurkeztuko da bakarrik papeletan. Berarekin ez doa inor, ez zerrendakiderik ez ordezkorik. Eta alkate aukeratzen ez badute, ezin izango du zinegotzi izan; zinegotziena beste lehia bat delako, egun berean egiten dena baina alkatearenarekin zer ikusirik ez daukana. Alkate aukeratzen badute Ordezkarien Ganberan daukan aulkia utziko du; ez badute aukeratzen, Ganberan segitu ahal izango du 2004ko udazkenean legegintzaldia bukatu arte. Orduan, berriro aurkeztu beharko du Ordezkarien Ganberarako.Boiseko ardura nagusia hartzen badu hiriburuan bizi diren 200.000 herritarren bizitza kalitatearen gaineko ardura hartu beharko du Bieterrek; eta, horretarako, 115 milioi dolar inguruko aurrekontua izango du, urtean 92.000 dolarreko soldata etxeratuz.

-

Asteartean hateskundeak





Hauteskundeak orain: Brent Coles alkateak 2003ko otsaileko 14an dimititu behar izan zuen Olinpiar Jokoetara joateko bidaia aseguru enpresa pribatu batek ordaindu zion akusaziopean. Horrezaz gain, zenbait gastu pribatu (Broadwayko showak, jatetxeetako fakturak...) diru publikoarekin ordaindu izana ere leporatu dio fiskalak. Aste honetan bertan absolbitu du tribunal batek Olinpiar Jokoetara egindako bidai ordainduaren akusaziotik. Epai horrek ezin du eraginik izan astearteko hauteskundeetan, alkateak dimititu egin zuelako. Gastu pribatuen epaiketa ez da oraindik egin.

Hautagai nagusiak: Dave Bieter, abokatu euskal-amerikarra. Cenarrussarekin batera Idahoko Memoriala bultzatu zuen. Euskaraz daki eta Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldekoa da. Vaughn Killeen sheriff-a. Chuck Winder etxe agentzia jabea eta Idahoko Garraioaren Batzordeburua. Mohsen Max Mohammadi, hiriko jatetxe bateko jabea. Inkesten arabera Bieter da faboritoa. Alkatetza lortuz gero, Idahoko Ordezkarien Ganberako aulkia utziko du Bieterrek; ez da derrigorrezkoa, baina ohitura da.

Alkatea aukeratzeko: Hautagai bozkatuenak bozen %50 baino gehiago lortzen badute lehen itzulian, zuzenean izendatuko dute alkate. Inor ez bada iristen kopuru horretara, hiru bozkatuenen arteko hauteskundeak egingo dituzte 30 egun barru. Ez da espero inork lortzea alkatetza lehen itzulian.

Zinegotziak aukeratzeko: Zinegotzi kopuru jakin bat berrituko da astearteko hauteskundeetan. Alkategaiek ezin dute, nahiz eta alkatetzarako lehia galdu, zinegotzi izan; bi hauteskunde desberdin direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.