Espainiako lehendakariorde Soraya Saenz de Santamariak bilera egin zuen atzo Josep Sanchez Llibrerekin, CiUk Espainiako Kongresuan daukan eledunaren ondokoarekin. Bilera horretan, besteak beste, herenegun plazaratutako iritzi pare bera helarazi zion Saenz de Santamariak CiUkoari: Katalunian legegintzaldi erdian hauteskundeetara deitzea «porrot ikaragarria» dela; eta hauteskunde aurrerapen horrek «herritarren esku» uzten duela «eurek kudeatu nahi izan ez dutenaren ardura».
Sanchez Llibrek, berriz, Kataluniaren autogobernu eskaerak «benetakoak» direla jakinarazi ei zion Saenz de Santamariari.
PSOE Espainiako Alderdi Sozialistako Alfredo Perez Rubalcabak ere Katalunian aurreratu diren hauteskundeen inguruko iritzia eman zuen atzo. Argi ez hitz egitea leporatu zion Artur Masi, eta jarrera lauso horri esker alde bateko zein besteko hautesleen bozak biltzeko asmoa daukala erantsi. «Esan egin behar du zer nahi duen Kataluniarentzat, eta katalanei utzi egin behar die aukeratzen». Azken batean, Espainian «segitu» ala Espainiarekin «hautsi» nahi duen argitzeko eskatu zion Rubalcabak Kataluniako presidentari.
Katalunian gertatzen ari denak Espainiako Gobernuaren jarrerarekin ere loturarik badu, PSOEko idazkari nagusiaren esanetan, Kataluniaren eta Espainiaren arteko «haustura» gauzatu bitartean PP eta CiU elkarri laguntzen aritu direlako Madrilen eta Bartzelonan murrizketa beretsuak onartzeko.
Egungo egonezari buelta emateko, Rubalcaba estatu federalaren alde agertu zen atzo ere .
Hauteskunde aurrerapena, «porrot ikaragarria»
Espainiako lehendakariordeak gobernuaren iritzia jakinarazi dio CiUko Kongresuko eledunari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu