Hauteskunde primarioak egingo dituzte gaur Argentinan, lehenengo aldiz

Presidentetzarako hamar hautagai aurkeztuko dira, urriaren 23ko bozetan parte hartu ahal izateko

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Datorren urriaren 23an egingo dituzte Argentinako presidente berria aukeratzeko bozak, baina gaurkoan ia 29 milioi lagunek emango dute botoa hauteskunde primarioetan. Lehen aldiz egingo dituzte hauteskunde primarioak Argentinan, eta hautesleen nahasmena erabatekoa dela diote inkestek. Herritarren %65ek «ezer gutxi dakite» edo «ezer ere ez dakite» hauteskunde primarioen inguruan, Iritzi Publikoa eta Merkatuko Zerbitzuak konpainiak egindako inkestaren arabera.

Argentinako Parlamentuak 2009an onartutako erreforma politiko baten ondorioz ezarri dituzte hauteskunde primarioak. Hauteskunde irekiak eta derrigorrezkoak dira. Hau da, derrigorrean bozkatu behar du urriko haueskunde eguna baino lehen 18 urte beteta duen herritar orok; eta urriaren 23an egingo diren presidentziarako hauteskundeetan parte hartu nahi duten alderdi politiko guztiek ere halabeharrez aurkeztu behar dituzte beraien hautagaitzak. Gainera, urriko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, %1,5eko gutxieneko babesa jaso behar dute alderdi politikoek.

Cristina Fernandez, faboritoa

Guztira, presidentetzarako hamar hautagai aurkeztu dira hauteskunde primarioetara, eta Cristina Fernandez egungo presidentea da faboritoa, inkesta guztien arabera. Garaipenerako Frontea alderdi peronista ordezkatzen du Fernandezek, eta berriro ere agintea lortzea espero du.

Bestalde, inkesten arabera,Ricardo Alfonsin Batasun Zibiko Erradikala alderdiko hautagaiak lortuko luke bigarren postua, eta Eduardo Duhalde peronista disidenteak (2002tik 2003ra bitartean Argentinako presidentea izan zenak) hirugarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.