Abenduaren 4an Errusiako Legebiltzarrerako hauteskundeetako "ustelkeria" dela-eta presioa handitzen ari da han, eta gaur eguerdian hainbat lekutan manifestazioak egin dituzte. Handiena, Moskun, eta han izan da Mikhail Gorbatxov SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko azken presidentea. Antolatzaileen arabera, 120.000 lagun izan dira martxan; Poliziak esan du 29.000 izan direla. Bozak berriro egiteko eskatu dute, eta azken asteetako protestetan atzemandako lagunak askatzeko.
Kremlinen erantzuna: alderdien legea onartzeko pausoak azkartu egingo dituela.
Manifestazioaren aurretik, Errusiako Giza Eskubideen Presidentzia Kontseiluak Hauteskunde Batzordeko buru Vladimir Churovek dimisioa eman beharko lukeela iradoki du, bozetako "iruzurrean" parte hartu zuelakoan.
Errusia Batua Vladimir Putin lehen ministroaren eta Dimitri Medvedev presidentearen alderdiak gehiengoari eutsi zion hauteskundeetan, aurreko legealdian baino diputatu gutxiago lortu arren. Dumako 450 eserlekuetatik 238 lortu ditu aurten; 315, berriz, 2007an. Oposizioak ustelkeria salatu du , eta bozen emaitzak jakin ostean dozenaka mila lagun bildu ziren Moskun, bozak baliorik gabe utz ditzaten eskatzeko.
KPRF Errusiako Alderdi Komunistak, Dumako bigarren indarrak, eta oposizioko alderdi nagusiek zilegitasun oro ukatu diete bozei, eta herritarren artean ere gero eta hedatuago dago hauteskunde sistemaren atzean ustelkeria dagoen ideia.
Medvedeven aldaketak
Testuinguru horretan iragarri du Medvedevek, hain zuzen, Errusiako sistema politikoaren aldaketa. Ostegunean azaldu zituen jendaurrean, eta atzo, berriz, Hauteskunde Legeari eta Alderdi Politikoen Legeari eginiko hainbat zuzenketa aurkeztu zituen Duman. Oro har, alderdien sorrerarako eta funtzionamendurako baldintzak liberalizatzeko proposamenak dira. Hala ere, oposizioak mesfidantzaz hartu du presidentearen ekimena, sistemaren benetako zabaltzea baino gehiago maniobra taktikoa delakoan.
Presidentearen zuzenketek legebiltzarraren gehiengoaren babesa jasotzen badute, Duman ordezkaritzarik ez duten alderdiek aurrerantzean ez dute sinadurarik bildu behar izango lekuko eta eskualdeetako bozetan zein boz orokorretan hautagaiak aurkeztu ahal izateko. Soilik presidentetzarako hauteskundeetan bildu beharko dituzte sinadurak, baina derrigorrezko atxikimendu kopurua jaitsiko dute: bi milioitik 100.000ra. Presidentegai independenteek, bestalde, 300.000 sinadura lortu behar izango dituzte.
Alderdi politiko berriak sortzeko baldintzak ere erraztu egin nahi ditu Medvedevek. Gaur egun, gutxienez 40.000 militante izan behar ditu erakunde batek alderdi politiko gisa erregistratu ahal izateko; aurrerantzean, nahikoa izango da 500 kide izatearekin. Gainera, ezingo da alderdien erregistroa baliogabetu lekuko erakundeetan behar baino militante gutxiago izateagatik. Lege berriak, halere, 2013ko urtarrilean sartuko dira indarrean.