MUNDUA

Hazem al-Beblaui izendatu du Mansurrek behin-behineko lehen ministro

Lehen ministrordea, berriz, Mohamed el-Baradei izango da, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari ohia.

2013ko uztailaren 9a
18:57
Entzun

Egiptoko trantsizioko gobernuak baditu dagoeneko lehen ministroa eta lehen ministrordea. Hazem al-Beblaui ekonomista liberal eta finantza ministro ohia eta Mohamed el-Baradeik hartuko dituzte kargu horiek, hurrenez hurren.

Al-Beblaui Hosni Mubarak bota ostean izan zen finantza ministroa, 2011ko uztaila eta abendua artean. Astean behin zutabe bat idazten du Al Ahram egunkarian, eta Egiptoko Alderdi Sozialdemokratako sortzaileetako bat da. NBEaren idazkari nagusiaren ordezkoa izan zen, 1995 eta 2000 urteen artean.

El-Baradei, berriz, Konstituzio alderdiko liderra da, baita Salbaziorako Fronte Nazionaleko koordinatzailea ere. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako idazkari nagusia ere izan zen, eta Bakearen Nobel saria eman zioten postu horretan egindako lanagatik, 2005ean.

Norbere legeak onartzeko dekretua

Dekretu bat onartu du gaur Adli Mansur Egiptoko behin-behineko presidenteak; horren arabera, legeak dekretuz onartzeko eskumena eman dio bere buruari, eta epe bat ezarri du presidente berria aukeratzeko hauteskundeak egiteko.

Konstituzioan egitekoak diren aldaketak onartuta, bozak egin beharko dituzte sei hilabeteko epean. Hala argitaratu du gaur Al-Ahram Egiptoko kazetak.

Lehen urratsa izango da lantalde bat osatzea eta hamabost eguneko epean konstituzioan aldaketak egitea. Joan den astean indargabetu zuen armadak konstituzioa, eta Mohamed Mursi presidente ohia kargutik kendu.

Konstituzioan egingo dituzten aldaketak erreferendum bidez onartu beharko dituzte, eta lau hilabeteko epean egingo dute galdeketa hori. Ondoren, parlamenturako bozak antolatuko dituzte otsail aldera, eta parlamentu eratu berriak deituko luke presidentetzarako bozetara.

Anaia Musulmanak, aurka

Essam el-Erian Askatasuna eta Justizia alderdiko lehendakariordeak adierazi duenez, Egiptoko behin-behineko presidente Adli Mansurrek atzo onartutako dekretua arbuiatu du. Horren bidez, Mansurrek legeak onartzeko eskumena eman dio bere buruari, eta horrez gain, hauteskunde parlamentario eta presidentzialak egiteko epea finkatu du. Neurri horien aurka agertu da el-Erian, Mansurrek "botere legegilea indarrez kendu" duelakoan, eta "estatu kolpearen aldekoek boterean ezarritako pertsona baten ekintza" delako.

Atzo Mansurrek onartutako dekretuaren arabera, legebiltzar berria osatzen denean deituko dituzte lehendakaritzarako hauteskundeak. Horren aurretik, lau hilabete eta erdiko epean, momentuko Konstituzioari egindako zuzenketak berretsi beharko dira (iragan astean baliogabetu zuten momentuko Konstituzioa, 2012ko abenduan onartu zutena).

Anaia Musulmanek Mursik berriz ere presidente kargua hartzeko eskatu dute, eta adierazi dute ez dutela zerikusirik armadak babestutako Egiptoko trantsizioarekin. Mursiren aldekoak Rabea al Adauiya plazan elkartuko dira gaur ere, atzo gertatutako hilketen protestatzeko. Anaia Musulmanek armada salatu du manifestari baketsuen aurka tiro egiteagatik, eta euren ustez, Bachar al Asaden eredua jarraitzen ari da armada, boterea hartzeko Siriaren noranzko bera jarraituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.