Telebistan agertzen zen guztia egia zela uste izaten zuten zenbaitek duela urte batzuk. Orain, aldiz, gehiago dira kontrakoa uste dutenak, alegia, komunikabideetan agertzen dena errealitatetik urrun egon ohi dela. Finean, hedabideak enpresak ere badira, eta haien jabeen interesei erantzun behar diete maiz, euren benetako helburuari, hau da, informatzeari uko eginez. Horren froga da Burgosko Gamonal auzoan gertatutakoak telebista eta prentsan izan duen harrera. Hilabeteak zeramatzaten langile auzo horretan protestetan, baina istiluak piztu diren arte, bertan gehien saltzen den egunkariak berak ere, Diario de Burgos-ek, ez zion ia kasurik egin. Eta liskarrak piztu direnean, aldiz, komunikabideek, zeinek baino zeinek azkarrago, "indarkeriazko ekintzak" eta "ezker muturreko taldeak" gaitzetsi dituzte, ohartaraziz ez dela zuzena era horretan jokatzea. Gerora etorri dira, noski, auzotarren adierazpenak, alkatearen jokabidea salatuz. Baina horiek bigarren mailan geratu dira, beti.
Diario de Burgos egunkariaren kasuan, arrazoi nagusi bat egon da horretarako; izan ere, Vitoria bulebarreko proiektua egin duen enpresako burua da kazetaren jabea, alegia, Antonio Mendez Pozo. Berea da Día de Valladolid ere, PRISAren laguntzaz sortu zuena. Telebista autonomikoen alorrean ere badu esku hartzerik. Izan ere, duela bi urte berak sortutako Promecal komunikazio taldearen eta COPEren arteko akordioari esker Navarra Television kate autonomiko pribatua jaio zen.
Enpresak ez ezik lagun boteretsuak ere baditu Mendez Pozok, besteak beste, Jose Maria Aznarrekin harreman estua izan zuen hura Espainiako Gobernuko presidente zen garaian, eta baita Alderdi Sozialistarekin ere, agintean egon zen bitartean.