Hegazkin istripu batean 138 lagun hil dira Pakistanen

Eguraldi txarrak eragin du istripua, Poliziaren arabera; Islamabad kanpoaldeko auzo batean jo du lurra

Erredakzioa
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Pakistango hiriburuan istripua izan zuen hegazkin batek atzo, eta barruan zihoazen 127 lagunak eta lurrean harrapatutako beste 11 hil dira gutxienez: 138 lagun guztira, denak pakistandarrak. Azken bi urteetan munduan izan den hegazkin ezbeharrik larriena da. «Islamabaden bota duen zaparrada gogorrak eragin du sarraskia», azaldu du Hegazkinentzako Agintaritza Zibilak. Karachitik ateratako hegazkinak Islamabadeko aireportutik hamar bat kilometrotara jo zuen lurra, hiriburuaren kanpoaldeko Hussain Abad auzoan, etxebizitza batzuen kontra.

Bhoja konpainiako Boeing 737 hegazkinean 118 bidaiari zihoazen, eta tripulazioko bederatzi kide. Hango arratsaldeko zazpietan gertatu zen ezbeharra, eta unean bertan hil ziren guztiak. Salbamendu taldeak eta suhiltzaileak berehala iritsi ziren sua itzaltzera, Geo TVren arabera. «Kolpearen ostean piztu zen sua. Hegazkina erabat txikituta dago, eta sutan dago dena», zioen Saifur Rehman salbamendu taldeko buruak istripuaren ostean. Chaudhry Ahmed Mukhar Pakistango Defentsa ministroak, berriz, kontrakoa esan du, lurra jo aurretik piztu zela sua hegazkinean.

Finantza arazoengatik bost urtez itxita egon ostean, 2010ean zabaldu zuten berriro Bhoja konpainia pakistandarra. Gainera, atzo istripua izan zuen hegazkinak Karachitik Islamabadera konpainiak zabaldutako linea berria inauguratu zuen.

Azken urteetako istripuak

Hegazkin istripuak ez dira oso ohikoak Pakistanen, baina munduan izan zen azken istripu larriena ere han gertatu zen duela bi urte, 2010eko uztailean: Karachitik Islamabadera zihoan Airbus 321 hegazkin batek lurra jo zuen hiriburu inguruko muinoetan, eta 152 lagun hil ziren.

Azken bost urteetan 11 hegazkin istripu larri gertatu dira munduan. 2010eko maiatzean, esaterako, beste bi istripu izan ziren: 103 lagun hil ziren Libian eta 158 Indian. 2009an, berriz, lau ezbehar larri izan ziren: 101 lagun hil ziren Indonesian, 228 lagun Rio de Janeirotik Parisera zihoan hegazkinean, 153 lagun Indiako ozeanoan eta 168 lagun Teheranen aireratu berri zen hegazkinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.