GREZIA

Hegazkinak lurra jo aurretik, bidaiari batzuk bizirik zeuden

Segurtasun indarrek hegazkin konpainiaren bulegoak miatu dituzte

Erredakzioa
2005eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Atenasko auzitegi-mediku Philippos Koutsaftisek atzo azaldu zuenez, hegazkinak lurra jo baino lehen, hogei bat bidaiarik bizirik jarraitzen zuten. «Bazuten odol-zirkulazioa eta arnasa hartzen zuten; beraz, bizirik zeuden». Hala ere, konorterik gabe egon zitezkeela onartu zuen Koutsaftisek.

Zipreko 737 Boeinga Grezian, Atenastik gertu, erori zen joan zen igandean eta bidaiari guztiak hil ziren. Salbamendu taldeek izoztuta aurkitu zituzten hainbat gorpu. Bestalde, bere lehengusua bidaiarien artean zegoela eta sakelakora mezu bat bidali ziola esan zuen Nektarios-Sotirios Voutasek igandean. Haren arabera, pilotua «urdina jartzen» ari zela esaten zuen mezuak. Atzo, baina, Poliziak gezurtatu egin zuen berria eta gaztea atxilotu zuen, informazio faltsua zabaltzea leporatuta.Segurtasun indarrek Zipreko Helios Airways hegazkin konpainiaren bulegoak miatu zituzten atzo, gertatutakoarekin zerikusirik izan zezaketen agirien bila. Biktimen senideek segurtasun neurri nahikorik hartu ez izana leporatu zioten konpainiari. Lehendik konpainia bereko hegazkinetan joandako bidaiariek, berriz, arazo teknikoak izan zituztela salatu zuten. Haietako batean, pasaiariek arnasa hartzeko arazoak izan zituzten eta behar baino lehenago lurreratu behar izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.