Kabul hiriburutik 30 kilometro ingurura, Band-e Gazi herrian, aurkitu zituzten atzo ostegunean desagertutako Boeing 737 hegazkinaren hondakinak. Baina ez zuten aurkitu 104 bidaiarien arrastorik. ISAF nazioarteko segurtasunerako indarretako arduradunek azaldu zutenez, erditik apurtuta zegoen aparailua; isatsa alde batera eta muturra bestera zituen.
Atzo eguerdian aurkitu zuten 3.300 metroko altueran. «Salbamendu taldeak eraman ditugu hara hondakinak aztertu eta pasaiarien bila jarraitzeko», esan zuen ISAFeko arduradun batek.Adituen arabera, bestalde, bi egunotan egin duen hotza dela eta, «oso zaila» izango da inor bizirik aurkitzea. Hala ere, bilaketa lanetan jarraitzeko asmoa azaldu dute. Gertakariaren arrazoia istripua izan zela uste da. «Kontuan hartzen badugu eguraldia txarra zela oso, istripua Kabuldik gertu izan zela eta mendi baten aurka jo zuela, istripuarena da erantzunik zentzuzkoena», azaldu zuten.
Istripurik larriena
Tripulazioko zortzi kide eta 96 pasaiari zeramatzan Heratetik Kabulera zihoan hegazkinak. Afganistango Garraio Ministerioaren arabera, pasaiarietatik bederatzi turkiarrak ziren, sei estatubatuarrak, hiru italiarrak eta beste 78ak afganistandarrak. Tripulazioan, berriz, sei errusiar eta bi afganistandar zeuden.
Aparatuaren jabe den Kam Air konpainiaren arabera, hegazkinak Kabulen lurreratzeko baimena eskatu zuen. Baina eguraldi txarra zela eta, ez zioten han geratzen utzi eta Ameriketako Estatu Batuetako Armadak Bagramen zuen basera joateko esan zioten. Handik ordu eta erdi ingurura, ordea, Pakistango Peshawar aireportuan lur hartzeko baimena eskatu zuen tripulazioak. Han baiezkoa esan bazioten ere, hegazkina ez zen inoiz iritsi.Bidaiariak hilda daudela frogatuko balitz, Afganistango hegazkin istripurik larriena litzateke ostegunekoa. Lehenago ere gertatu dira antzekoak inguru hartan. 1998an, esaterako, 98 pertsona hil ziren bi hegazkinen arteko talkan. Aparatuak Afganistango Ariana hegazkin enpresakoak ziren. Urte berean, beste 51 lagun hil ziren konpainia bereko hegazkin bat Pakistanen erori zenean. Duela hiru urte, talibanak boteretik kendu ostean, sortu zen Kam Air konpainia eta herrialdeko lehen hegazkin konpainia pribatua izan zen. Hala ere, ez da haren aparatuetako batek istripua duen lehen aldia.
AFGANISTAN
Hegazkinaren hondakinak aurkitu dituzte, baina bidaiaririk ez
Hotza dela eta inor bizirik aurkitzea «oso zaila» izango dela esan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu