Hegazti gripea berriz heda daitekeela ohartarazi du NBEren elikadura agentziak

Birusa indartzeak giza osasunarentzat «iragarri ezinezko arriskua» eduki dezakeela dio FAOk

mikel rodriguez
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
H5N1 birusa berriz ere mundu osoan heda daitekeela dio FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak. Birus hori hegazti gripea deituriko gaitzaren eragilea da. Munduko osasun zerbitzuei eta hegazti produktuen ekoizleei eskatu die zaintza areagotzeko. FAOk ohar baten bidez adierazi duenez, «hainbat zantzuk» agerrarazi dute Asian eta «bertze eremutan» birusaren aldaera bat hedatzen ari dela. Giza osasunarentzat «iragarri ezinezko arriskua» eduki dezakeela dio agentziak.

H5N1 birusak eragindako azken hildakoa Kanputxean izan da, hil honen hasieran. FAOren arabera, aurten zortzi lagun hil dira herrialde horretan arrazoi beragatik. Gaitza XX. mende hasieratik ezaguna da, baina gizakiengan 2003an atzeman zen lehen kasua. Ordutik 311 lagun hil dira mundu osoan birusaren ondorioz. OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, epe berean 565 lagun kutsatu dira.

Gaitza 2008tik berriz ere hedatzen hasi dela dio FAOk, bai hegazti basatien, bai etxekotuen bidez. Agentziako albaitarien buru Juan Lubrothek azaldu duenez, «hegazti produktuen ekoizpenean eta merkaturatzean ari direnen jardunak hedatzen du». Hegaztien migrazioen ondorioz H5N1 birusa jada desagertuta zegoen herrialdeetan berriz agertu da azken bi urteetan, Lubrothen arabera. Txinan eta Vietnamen, berriz, txertoen defentsa «saihestu» dezakeen aldaera bat agertu da. Azken herrialde horretako osasun zerbitzuak alerta egoeran daude, Lubrothek dioenez, birusaren aldaera hori Vietnamen hedatzea hagitz arriskutsua baita Kanputxearentzat, Thailandiarentzat eta Malaysiarentzat ere. Koreako penintsula eta Japonia ere arrisku gunean sartu ditu. Heldu den «udazkenean edo neguan» birusa berriz ere indartu litekeela uste du Lubrothek.

Alarma mediatikoa

Hegazti gripeak larrialdi handia sortu zuen gehienbat Asiako ekialdeko herrialdeetan, eta osasun erakundeen eta komunikabideen arreta bereganatu zuen. Denera 63 herrialdeetara hedatu zen, eta sortutako alarma mediatikoaren eraginez mundu osoan 400 milioi hegazti etxekotu inguru hil zituzten; industriak jasandako galerak, berriz, ia 14.000 milioi eurokoak izan ziren.

Hainbat zientzialarik, ordea, gehiegizko izua hedatzea egotzi zioten OMEri. Kutsatutakoek gaitza zuzenean hegaztiengandik jaso dute, eta gizakien arteko transmisio kasuak bakanak izan dira. Hegaztiengandik eratorritako produktuak kontsumituta kutsatu den inoren ebidentziarik ez dago, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.