HEGAZTIEN GRIPEA. Brusela: «Hegaztien gripea EBra heltzeko arriskua oso txikia da»

Etxaldeetan oilaskoak giltzapetzea «gehiegizko neurria» dela diote Europako Batasuneko albaitari adituek

Edu Lartzanguren.
2005eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Mugak gehiago kontrolatu. Europako Batasunak ez du beste neurririk hartuko hegaztien gripearen aurka, gaitza Europara heltzeko arriskua «oso txikia» delako. EBko zenbait estatutako adituak bildu ziren atzo Bruselan, 25en jarrera bateratzeko asmoz, Herbehereak eta Alemaniak neurri zorrotzak ezarri ostean. EBko albaitari adituen mezu lasaigarriak zerikusi gutxi du Osasunerako Mundu Erakundeko buruek azken egunotan plazaraturikoekin. Siberiatik Europako hegoaldera negua pasatzera doazen hegaztiak gripearen bektore izatea litekeena dela dio OMEk, eta milioika pertsona hil ditzakeen pandemiaren atarian gaudela.

Bruselak ez die, oraingoz, debekatuko Europako abeltzainei oilaskoak eta beste hegaztiak larrean izatea, eta leku itxian haztera behartuko. Hala iragarri zuen atzo EBko Osasun eta Kontsumo eledunak, Philip Todek. Hegaztiak giltzapetuta daude astelehenetik Herbehereetako etxaldeetan, eta Alemaniak neurri bera hartuko du irailaren 15a baino lehen. Erabakia «neurriz kanpokoa» dela esan zuen Todek. «Hainbat estatuk argi adierazi dute ez datozela bat halako neurriekin, arriskua, oraingoz, horren handia ez delako», gaineratu zuen. Neurria«proportzioz kanpo» Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Espainia dira neurri gehiago hartzearen kontra mintzaturiko Estatuak. «Dagoeneko harturiko neurri zabalak aski dira», gaineratu zuen Todek, «egoera aldatzen bada, eta birusak mendebalderantz egiten badu, neurri gehiago hartzeko aukera aztertuko dugu».

Arrisku gehiago Europako iparraldean

Errusia eta Kazakhstandik hegazti biziak inportatzea debekatu zuen Bruselak hilaren hasieran. Horrez gain, EBko mugetan zaintzak zorroztu dituzte, eta berrogeialdia ezarri diete Asiatik inportaturiko hegaztiei. Edonola ere, nazioarteko osasun adituek nabarmendu dutenez, mugarik ezagutzen ez dituzten hegazti migratzaileen bidez helduko da gaitza Europara. Arriskurik handiena, edonola ere, hegazti migratzaileen kontzentrazio handiak dituzten herrialdeetan: Herbehereak, Danimarka eta Alemaniako iparraldea.

Adi egoteko eta norberaren larrialdi planak eguneratzeko eta egun indarrean diren neurriak betetzen direla ziurtatzeko aholkatu die Bruselak estatuetako buruei.Frantziako agintariak hegaztien itxialdia agintzearen aurka agertu arren, «ardura printzipioaren arabera» jokatuko dutela esan zuten atzo. Arriskuaren garapena unez-unean aztertu eta «neurriak eguneratu» behar direla adierazi zuen Jacques Chirac presidenteak. Parisek gomendioa luzatu die hegaztiak hazten dituzten abeltzainei eta alorreko profesional guztiei: gripearen aurkako txertoa har dezaten.

«Inor ez dago salbu»

Bruselako agintarien lasaitasunetik urrun, prest egotera dei egin zuen asteazkenean Osasunerako Mundu Erakundeko buruak, Jong-Wook Leek. «Herrialderik ez dago arriskutik salbu, eta denak prest egon beharko lirateke». 1918ko gripe izurriteak 50 milioi hildako eragin zituela ekarri zuen gogora, eta H5N1 birusak eragin dezakeena okerragoa izan daitekeela nabarmendu zuen: «Pandemiak prestatu gabe harrapatzen bagaitu, milioika pertsona hiltzea da litekeena».

Asiako hegoaldetik Siberia (Errusia) aldera egin du birusak azken hilabeteotan, hegazti basatien bidez. Milioika hegazti hil dituzte herrialdeotako etxaldeetan, gaitza zabaltzea saihesteko. Litekeena da Europan izurritea askoz okerragoa izatea, Errusian etxaldeak oso sakabanaturik daudelako, baina Europan dentsitate handia dagoelako. Herbeheretan soilik, 40 milioi oilasko daude.

-IKERKETA

Pandemiak 1930eko krisiak adinako kaltea eragingo luke



Kanadako ekonomia aditu talde batek zenbaki hotzetatik kalkulatu du hegazti gripearen pandemia batek eragingo lituzkeen kalteak. Ondorioztatu dutenez, 1930eko Depresio Handiak adinako eragina izango luke munduko ekonomian. BMO Nesbitt Burns taldeko adituek ez dutela «alarmista» izan nahi nabarmendu dute. Osasun agintariek, baina, 40 milioi hildako izatea litekeena dela aurreratu dute. Datu horretan oinarrituta egin dituzte kalkuluak aditu kanadarrek. Pandemiak hegazkin bidezko garraioa eta turismo industriak suntsituko lituzke. Ekonomiaren alor guztietan izango luke eragina, batez ere aseguru etxeetan. Altzairuaren eta porlanaren salneurria jaitsiko litzatekeela aurreikusi dute, eta etxeen balioa jaitsiko litzatekeela. Interneten bidezko merkataritza, ordea, asko areagotuko litzatekeela uste dute.Errusian ere mintzagai izan da egunotan hegaztien gripearen alderdi ekonomikoa. Han zalantzan jarri dute horrenbesteko arriskua dagoenik, eta Errusiaren abeltzaintzari kalte egiteko saioa ikusi dute atzean. Inbertsio handiak egin dira azken urteotan Errusian etxalde industrialak antolatzeko. «Hemengo eta atzerriko prentsaren zalaparta apropos sorturikoa da, eta kontsumitzaileek Errusiako produktuetankonfiantza galtzea du helburu», esan du Sergei Lisovski enpresaburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.