HEGO OSETIA. GERRA HASI DA. Georgiak gerra deklaraziotzat jo du Errusia Hego Osetian sartu izana

Errusiako armada Hego Osetiako hiriburura iritsi dela iragarri du Moskuk; Tbilisik, aldiz, lurralde ia osoa kontrolpean duela dio

2008ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Hego Osetiako gatazka Georgia eta Errusiaren arteko borroka armatu bilakatu zen atzo. Georgiako armadak lurraldeari gogor eraso zion ostegun gauean, eta hari erantzunez, Moskuk tropak bidali zituen atzo. Erabakia gerra deklaraziotzat jo du Tbilisik. Borroketan 1.400 lagunetik gora hil direla jakinarazi dute buruzagi independentistek.

Georgiako indarren buruzagi Mamuka Kurashvili jeneralak ziurtatu du Hego Osetiako hiriburu Tshkinvaliren zati handiena kontrolpean dutela. Aurretik, ordea, lurretik eta airetik eraso zioten. Artilleria eta gerra hegazkin georgiarren bonbardaketetangutxienez hamabost zibil hil zirela ziurtatu zuten hasieran Hego Osetiako agintariek. Alabaina, arratsaldean egindako adierazpenetan, Eduard Kokoiti presidenteak ziurtatu zuen 1.400 zibil inguruk bizia galdu zutela Tshkinvalin. Hego Osetian bakea bermatzeko aitzakian zabalduak diren tropa errusiarretako buruzagi goren Marat Kupakhmetov jeneralak, berriz, ziurtatu du Tshkinvali hiria --30.000 biztanle ditu-- ia osorik suntsitu dutela Georgiako indarren bonbardaketek.

Tropa errusiarretako beste militarburu batek, Igor Konatxenkov koronelak, bestalde, esan du Georgiaren erasoetan hamar bat soldadu errusiar hil direla eta 30 inguru zauritu. «Bakea bermatzeko gure indarren kokaguneak hartu dituzte jomugatzat».

Tropa gehiago Errusiatik

Eraso horien aitzakiarekin, Errusiak tropa gehiago bidali zituen Hego Osetiara. Horiek, Ipar Osetiako hiriburu Vladikavkaztik joan ziren; izan ere, Ipar Osetia Errusiako Federazioaren zati da. Georgiako presidente Mikhail Saakashvilik Errusiaren «oldar militar zuzena» salatu du. «Errusiako tankeak sartu dira gure lurretan eta gerra hegazkinak ibili dira gure aire esparruan». Horiek hala, iragarri du Iraken dituzten mila soldadu inguru Hego Osetiara bidaliko dituztela, eta laguntza eskatu die AEB Ameriketako Estatu Batuei. Zenbait iturriren arabera, bestalde, Georgiako hiriburuan, 25 eta 60 urte bitarteko georgiarrak armak hartzera deitu dituzte.

Georgiako presidenteak adierazi duenez, Errusiako armadako 150 tanke inguru sartu dira Hego Osetiara. Gerra hegazkin errusiarrek, berriz, Tbilisi hiriburutik 25 kilometrora kokatua dagoen Georgiako aire armadaren Vazianiko baseari eraso diotela gehitu du. Indar georgiarrek, berriz, bost gerra hegazkin errusiar bota dituztela ziurtatu du Georgiako Defentsa Ministerioak.

Ahobero mintzatu dira Errusiako agintari gorenak ere. Dmitri Medvedevek ohartarazi duErrusiak ez duela zigortu gabe utziko bere herritarren hilketa. Kremlineko buruak zera gaineratu du: «Errusiako herritarrei babesa eman behar diegu, edozein lekutan daudela ere». Ezen, Hego Osetiako 70.000 bizilagunetatik gehienek errusiar herritartasuna dute.

Georgia eta Errusia artean gatazka gori-gorian jartze horrek kezka bizia piztu du nazioartean. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua biltzekoa zen atzo -lehen bileran ez zuten jarrerarik adostea lortu-. Lerro hauek idazteko unean artean bilduta zeuden.

Bestetik, AEBek eta Europako Batasunak Moskura eta Tbilisira bake bitartekaritza bateratua bidaltzea hitzartu dute. Bruselak bertan behera utzitako elkarrizketak berriz hasteko eskatu die bi aldeei, betiere «Georgiaren subiranotasuna eta osotasuna errespetatuz».



Errusiako tankeak sartu dira gure lurretan, eta gerra hegazkinak ibili dira gure aire esparruan»

mikHail saakashvili
Georgiako presidentea
«Errusiako herritarrei babesa eman behar diegu, edozein lekutan daudela ere»

dmitri medvedev
Errusiako presidentea




275.000

Desplazatuak. Hego Osetia eta Abkhaziako gatazken ondorioz, 275.000 lagunek ihes egin behar izan dute beren etxetik. Baina NBEk atzo ohartarazi zuen enfrentamenduek jada beste milaka desplazatu eragin dituztela Georgiaren menpeko lurraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.