HEGO OSETIA. Urteurrenean, giroa berotzen

Errusia eta Georgiaren arteko gerra piztu eta urtebetera, «probokazioak saiheste aldera» herrialdeko mugak itxi ditu Hego Osetiak

urtzirrutikoetxea
Tshkinvali
2009ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Georgiako gerra piztu zela urtea betetzear dela, tentsioa berriz igo da Hego Osetian. Eduard Kokoiti presidenteak mugak ixtea erabaki du, «probokazioak saiheste aldera». Egunotan elkarri egotzi dizkiote probokazioak eta erasoak aldeek. Eta Europako Batasunak begirale kopurua igo du mugaldean, bere zaintza patruilek salatutako erasoen zantzurik aurkitu ez badute ere. Kezka agertu du, baina, eta tentsioa igoaraz lezakeen adierazpen edo ekintzarik ez egiteko eskatu die aldeei.

Hego Osetiaren aurka morteroak jaurtitzea leporatu dio Errusiak Georgiari, eta bere tropak alertan ezarri ditu. Tbilisik ukatu egin du hori. Egiaz, iazko esperientziaren ondotik, ez dirudi oso logikoa Mikhail Saakaxviliren gobernuak inolako aitzakiarik ematea, Georgiak hilotan bere burua armatzen jarraitu badu ere. Errusiari erasotzea «bere buruaz beste egitea» litzatekeela adierazi du Saakaxvilik. Moskuren probokazioa, baina, gogor salatu du: «Egoera ez da batere lasaia; iaz garai honetan zegoen egoeraren parekoa da».

Kaukason dena da posible, ia etxe guztietan daude arma automatikoak armairu gainean edo ohe azpian. Baina eskarmentua beroegi dago oraindik, inork atzera ere tiroka hasteko gogorik izateko. Georgiak, berriz armatuta ere, lezioa ikasi du: armak saldu dizkioten adiskideek protesta baino ez dute egingo Errusiak berriz ere erasoa joz gero. Aitzakia gutxi behar du Moskuk, gainera, Vladimir Putinek arerio pertsonaltzat baitauka aspalditik Mikhail Saakaxvili, eta jasangaitza zaio Georgiako presidente jarraitzea.

Saakaxvili beharrean, baina, Hego Osetiako gobernua izan da kalera joan dena. Atzo iragarri zuen erabakia Eduard Kokoiti presidenteak, ordura arteko Aslanbek Bulazev lehen ministroaren osasun arazoak aipatzen. Moskutik diharduen oposizioak jendearen haserrea baretzeko erantzuna dela dio, Hego Osetiako ustelkeriak herritarrak miserian egotera bultzatu baititu. Berreraikuntzara bideratutako dirua konpondutako teilatu gutxi batzuetan baino ez da nabari hondamendiaren erdian.

Bizirik iraun

Hamabi hil joan dira, eta Hego Osetiak inoiz baino gehiago dauka denboran izoztutako eskualdearen itxura. Suntsituta dago, gerrako aztarnak nongura daude, eta hitz arranditsuetatik harantzago, etorkizunik gabeko eskualdea da. Militarrez josita eta gaztez gero eta hutsago dago herrialdea. Georgiarekiko komunikazioak erabat etenda daude, Tbilisi ordubetera egon arren. Mosku hiru mila kilometrora dago, Kaukaso mendien beste aldean. Hala, Errusiaren menpeko Ipar Osetiarekin lotzen duen Roki tunela bizirik irauteko ezinbesteko bidea da. Handik datoz Hego Osetiako kontsumo gai apurrak, osetiarrei emandako errusiar pasaporteak, biztanleen gehiengoa diren zaharrentzako pentsioak eta iazko tankeak ere tuneletik iritsi ziren. Baina tuneletik irteten dira, halaber, Kaukasoko bazter galdu honetan etorkizunik ikusi ez eta lan eta bizimodu hobearen bila doazen gazteak ere. Bertsio ofizialak Hego Osetian 70.000 biztanle daudela dio, beste iturri batzuk 30.000 baino gutxiago direlakoan daude. Tbilisin Hego Osetian baino osetiar gehiago bizi direla dio Georgiak.

Egiaz, gazte zibilak gutxi dira hiriburuko kale suntsituetan. Eta Tskhinvalitik kanpo, ez dago alerik, miliziako kideak baino ez. Mendeetan egin duten biziraupen ekonomian dihardute osetiarrek beren etxeko ortuak emandakoarekin eta azokatik dakartenarekin. Kontrabando gune garrantzitsua izan zena ere erabat itxita dago, Georgiatik ez da hornidurarik iristen merkatu paraleloekin aurrera egiteko gutxienez. Eta behinola egon zen industria txikia ere itxita dago, ogi fabrika eta beste bizpahiru lantegi salbu.

Tibet herrian ez zen borrokarik izan, baina georgiarrek hainbat etxe suntsitu zituzten Tskhinvalira bidean. Hiriburua baino kilometro pare bat lehenago dagoen etxe multzo batek osatzen du komunitatea, eta bertatik pasatzen zen osetiarrek Errusiara joateko zerabilten errepidea -bide nagusia georgiarren eskuetan zegoen iaz arte-. Emakume helduak eta umeren bat edo beste baino ez dira ageri asfaltatu gabeko herriko kaleetan.

Etxeak, suntsituta

Isolda Gagievari aurpegian metraila orbana geratu zaio betiko. Etxeko sotoan gorde zen georgiarrek bere etxea suntsitu zutenean. Eta orduko oroitzapenak gogorrak badira ere, min handiagoa ematen dio oraindik nebarenean bizi beharrak. Moskutik diru laguntza txiki bat iritsi zaio, baina agindutako etxearen berreraikuntza inon ere ez da ageri: «Ez nuen uste inoiz esango nuenik, baina hara, Mixaren [Mikhail Saakaxviliren] lurraldean bizi direnek badaukate etxea, hala-modukoa izango da, baina badaukate. Eta hemen, telebistaz etengabe iragartzen dute hau eta bestea berreraiki dutela; hona, ordea, ez da ezer heldu». Isoldak mendira jo zuen erasoko gauean, herri osoak legez. Georgiarrak ziren batzuk. «Baditut georgiar lagunak, auzoan bertan badira batzuk, ez daukat arazorik, jende arrunta gara, baina nazka diot Gobernuari».

Isoldaren etxearen aurreko soroan lanean ari den emakumeak ahapetik esaten du izena, georgiar jatorria gordez. Osetiarra du senarra, hemen bikote misto asko dago. «Ez daukat inorekin arazorik, hor aurrean bizi den emakume ergel batekin izan ezik. Bai, osetiarra da, baina herriko gainontzekoekin oso ondo konpontzen naiz». Edozein herri txikitako auzoen sesioez diharduela pentsa zitekeen, tankeen aztarnak horren presente ez baleude. Halako batean, emakume guztiak batu dira, kazetariaren bisita baliatzeko. Alkatearen aurkako amorrua dute hizpide: «Lehengoan adierazpenak egin zituen artaburu horrek, herrian dena ondo dagoela eta geure kabuz dena egin genuela esateko. Ez genuela laguntzarik behar, alegia. Ikusi duzu nola dauden gure etxeak? Nola esan dezake horrelakorik?».

Hiriburura bidean dozena bat txalet berri ageri dira. Ez da inor bizi oraindik, eta bertan diharduten langileek ez dakite noiz eta nori emango dizkioten. Erdiak osetiarrak dira, Errusiatik etorritakoak beste erdiak. Etxe txiki eta politak dira. «Laster egongo dira amaituta», dio obrako nagusi errusiarrak. Langileetako batek aldamenetik zera dio: «Hamabi etxe dotore egin ditugu, eta milaka gelditu dira etxerik gabe. Zenbat urte beharko dira jendeak aterpea izan dezan, denek Errusiara alde egin baino lehen?».





Gatazka luzea independentzia bidean

SOBIETAR BATASUNAREN GARAIA

1921. Georgian sartu zen Errusiako Armada Gorria. Osetiarrei Moskuri laguntzea egotzi zieten.

1922. Sobietar Batasuna sortu zen. Georgiaren menpeko barruti autonomoa zen Hego Osetia.

1989-1992. Hego Osetiaren eta Georgiaren arteko gerra.

1992. Hego Osetiak independentzia aldarrikatu zuen.

KOKOITIREN GARAIA

2001. Eduard Kokoitik irabazi zituen bozak Hego Osetian.

2003. Mikhail Saakaxvilik eskuratu zuen Georgiako presidentetza.

2004. Hego Osetiako agintariekin hitz egiteko prest agertu zen Saakaxvili.

2006. Erreferenduma egin eta independentzia aldarrikatu zuen bigarren aldiz.

2007. Elkarrizketak bertan behera gelditu ziren.

2008. Errusia eta Georgiaren arteko bost eguneko gerra.

2009. Mugak itxi dituzte.





Sobietar Batasunean Hego Osetiako oblastaren barruan egon arren, Georgiaren mende zegoen iaz arte Akhalgori; osetiarrek izen zaharra kendu eta sobieten sasoikoa jarri diote hiriari: Leningor.

Akhalgoritik Leningorrera

U. Urrutikoetxea. Leningor

Hego Osetiako estatistiken arabera, hiru biztanletik bi osetiarrak dira eta bat georgiarra. Mendialde zabalean ez da inor bizi, eta herrixka askotan ohikoak dira familia mistoak, baina georgiarrak gehiengo diren eremua ekialdean dago. Tbilisi Georgiako hiriburutik 60 kilometrora baino ez dago Akhalgori. Georgiaren menpe zegoen iaz arte, Sobietar Batasunean Hego Osetiako oblastaren barruan egon arren. Gerraz baliatuta, baina, Hego Osetiak bereganatu zuen eta georgiar izen zaharra kendu eta sobieten sasoikoa jarri zion atzera ere: Leningor. Autobus txiki bat doa egunero Tbilisitik, baimen berezia daukaten herritarrak eramaten. Gidariak autobusaren aurrealdeko georgierazko Akhalgori seinalea kendu eta Leningor dakarrena jartzen du, alfabeto zirilikoz.

Georgiak behin eta berriz egin du protesta Akhalgoriko okupazio horren aurka. Iazko abuztuan Frantziak bultzatutako su-etenak gerra hasi aurreko posizioetara itzultzeko agintzen du, baina haran osoa osetiarren eskuetan dago. Errusiar soldaduek mugazain lanetan dihardute, gainera, Moskuk aitortutako Hego Osetia independentea Akhalgori ibarreraino iristen dela bermatzeko.

«Marka da, etxera joateko agiri berezia behar izatea», dio Kobak. Iaz arte georgiar ugari etorri ohi zen uda sasoian egun-pasa honaino, orain herriko erritmoa oso lasaia da -Tbilisitik oso hurbil dago, eta Tskhinvalira joateko ez da errepiderik ere egon udaberrira arte, hortik dator georgiarren beldurra, errusiarrak horren hurbil daudela jakinik-. Azken hilotan, hala ere, zerbait bizitu dela diote. «Tserovanira joan ziren georgiar askok itzultzea erabaki dute», arriskua pasatu delakoan. Akhalgorik ez du Tskhinvaliko suntsiketarik ageri, ia tirorik jo gabe hartu zuten errusiarrek herria, eta ez zen borrokaldirik izan. Baina gazteek ez daukate hain argi. Osetiar agintariek errusiar naziotasuna hartzera bultzatu nahi dituzte, eta armadarako betebeharra ere badakar horrek. Georgiak ere zigortu ditu Akhalgoriko biztanleak, ur eta gas hornidura etenda. Hala, Errusiatik datozen produktuekin elikatzen dira hemengo georgiarrak.

Osetiar eta georgiarren arteko harremana ona izan da Akhalgorin historikoki, bikote mistoak ere ugari, eta hori izan liteke iazko arpilatzeak horren gutxi izanaren motibo bat. Hala ere, estereotipo hori harrapaketak izan ziren lekuetan ere betetzen zen.

Existitzen ez diren herriak

Tskhinvali eta Tamaraxeni artean, Roki tuneleko errepide nagusian, Errusiako bake tropak deiturikoak zeuden duela urtebete. Egun, ez barrikada ez ezer, arazorik gabe jarrai daiteke mendiko bidea, baina Tamaraxeni eta georgiarren eskuetan zeuden beste hiru herriak ez dira existitzen. Etxe guztiak banan-banan suntsitu eta erre zituzten, batzuek oraindik ageri dute dagoeneko arpilatuta daukatela dioen pintaketa.

Auzo berria ari dira eraikitzen Tamaraxenin, eta zurrumurruek diote aireportu militarra ere behinolako georgiar herrian nahi dutela, egotzitakoak inoiz itzuliko ez direla bermatzeko bidenabar. Akhalgorin ere pista eraikitzekotan direla eta, kexu agertu da Tbilisi. Oraingoz, egitasmook atzeratzeko, Georgiaren kexak baino eraginkorragoa izan da Errusiari eta errubloari gogor erasan dion krisia. Baina errusiar tankeak Georgiako hiriburutik ordubetera daude oraindik, atzera egiteko inolako asmorik gabe.

Are gehiago, Eduard Kokoiti Hego Osetiako presidenteak lurralde gehiago konkistatu behar direla esan du egunotan. Kazbegi mendiaren azpiko Truso haranean ia ez dago biztanlerik, baina Georgiako estatuko parte da. Kokoitik ez du ontzat eman: «Leku berezi horretan gure jende esanguratsua jaio zen, eta Georgiarena da egun. Tira, Ipar Osetiaren lurra da berez, baina Leningor (Akhalgori) barrutia gure kontrolpean dagoenez, etorkizunean Truso harana ere berreskuratzeko lanean dihardugu». Kokoitik Sobietar Batasunean eskualde autonomoa osatu zuen lurralde osoa nahi du: «Gure mugak iraganeko errepublika autonomoko mugak izango dira, Tbilisi aurka egon arren».





5

Bost eguneko gerra. Errusiak iazko abuztuaren 8an inbaditu zuen Hego Osetia. Bost egun geroago, hilaren 12an, su-etena hitzartu zuten Georgiak eta Errusiak. Hego Osetiako eta Abkhaziako independentzia babestu zituen Errusiak; eta base militarrak ezarri zituen han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.