Atzo Hego Osetiako Auzitegi Gorenak baliogabe jo arren herrialdeko presidentziarako hauteskundeetako bigarren itzulia —irregulartasunak egon zirela argudiatuta—, gaur oposizioko buru Alla Dzhioieva presidente aldarrikatu da, eta haren jarraitzaileak gobernuaren egoitzara sartzen saiatu dira goizean. Poliziak airera tiroak botaz erantzun du.
Batasuna alderdi sozialistak sartu zuen helegitea, Dzhioievaren jarraitzaileek bozketa egunean legez jokatu ez zutelakoan —igandean—, baina gaur Dzhioievak esan du Gorenaren erabakia ez dela konstituzionala izan, "ez baitu herritarren borondatea aintzat hartu".
Hauteskunde Batzordearen lehen emaitzen arabera, hark botoen %56,7 lortu zituen eta Batasunak %40. Hego Osetiako autoritateei bere erabakia onartzeko eskatu die Dzhioievak. "Nirea da erabaki egoki bakarra".
Georgia barruan dago Hego Osetia. Ipar Osetia, berriz, Errusiako Federazioaren barne dagoen errepublika autonomoa da. Errusiak Hego Osetiako Gorenaren erabakia errespetatzeko eskatu du gaur.