Hego Osetian Kokoitiren aldekoek irabazi dituzte Parlamenturako bozak

Europako Batasuneko eta Georgiako agintariek bozak «legez kanpokoak» direla salatu dute

arantxa elizegi egilegor
2009ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Eduard Kokoitiren gertukoek irabazi zituzten herenegun egin ziren Hego Osetiako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Parlamentuko 34 eserlekuen lehian Batasunak eskuratu ditu boto gehien, %46,38. Bigarren tokian geratu dira komunistak botoen %25,22rekin; eta, hirugarren, Alderdi Popularra %22,5ekin. Laugarren alderdia, Aberria, Legebiltzarretik kanpo geratuko da.

Georgiak eta Europako Batasunak ez dituzte onartu Hego Osetiako hauteskundeak. Izan ere, herrialdeak 1990ean independentzia aldarrikatu bazuen ere, orain arte hiru estatuk onartu diote, Errusiak, Abkhaziak eta Nikaraguak. Tbilisirentzat eta Bruselarentzat Georgiaren menpeko lurraldea izaten jarraitzen du. Georgiako Berrintegrazio ministro Temur Jakobaxvilik «fartsa eta pailazokeriatzat» jo ditu bozak. EBko presidentetza duen Txekiako Gobernuak salatu du, berriz, «legez kontrakoak» direla. «Georgian bakea eta egonkortasuna lortzeko bidean atzerapausoa dira hauteskunde horiek».

Nazioarteak kritikatu arren, bozetako parte-hartzea handia izan zen, %81 ingurukoa. Orotara, 50.000 hego osetiar zeuden bozetara deituta -horietatik 13.000 inguru atzerrian bizi dira-.

Oposizioaren kritikak

Alderdi Popularrak eta komunistek ohartarazi dute Konstituzioa aldatu eta bere agintaldia luzatzea dela Kokoitiren asmoa. Bide beretik, herrialdea berreraikitzeko lanetarako Moskuk emandako diru laguntzak bidegabeki erabiltzea ere leporatu diote estatuburuari. Hark, ordea, ukatu egin du halakorik. «Bi urte eta erdi geratzen dira [presidentetza amaitzeko], eta ordura arte asko dago egiteko. Ez naiz horretan pentsatzen jarri», adierazi du Kokoitik berak.

Iazko abuztuan, Georgiako armadak Hego Osetiari eraso zion, eskualdea kontrolatzeko asmoz. Errusiak, ordea, indarrez erantzun zion, herritarrak defendatzeko aitzakiarekin. Gatazkan, ia erabat suntsituta geratu zen herrialdea.



Soslaia

Eduard Kokoiti

Errusiarra bihotzez

Tskhinvalin jaio zen Eduard Kokoiti, duela 44 urte. Sobietar Batasunaren menpe zegoen orduan Hego Osetia. Eta gerora ere bihotzez errusiarra izaten jarraitu zuen Kokoitik. Alderdi komunistan hasi zuen ibilbide politikoa, eta gerora Batasunarekin bat egin zuen.

Duela zortzi urte aukeratu zuten lehen aldiz presidente, 2001ean. Eta, 2006an, bigarren aldiz. Agintaldia bi urte barru amaitzen zaion arren, askok diote legedia aldatzeko asmoa duela, boterean jarraitu ahal izateko.

Hego Osetiaren independentziaren defendatzaile sutsua da Kokoiti, baina ez du baztertzen, aurrerago, Errusiarekin bat egiteko aukera ere. Halako adierazpenekin Georgiaren haserrea eragin du maiz. A. E.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.