Hego Sudanen gutxienez 75 lagun hil dira matxinoek hasitako erasoan

Hildakoen artean 60 ekintzaileak dira, eta bederatzi militarrak, armadaren arabera; hemezortzi zauritu dira

2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Hego Sudaneko Al Uahda eskualdean gutxienez 75 pertsona hil dira milizia matxinoek egindako eraso batean. Gainera, Philippe Agouir armadako buruzagiaren arabera, hemezortzi lagun zauritu dira. Hildakoen artean 60 ekintzaileak zirela gaineratu du, eta milizianoek hildako gainerako hamabost lagunen artean bederatzi militarrak zirela. Halaber, erasoaldia petrolio aberastasunak dituen ingurunean gertatu zela aditzera eman du, Majum hirian, eta, haien iturrien arabera, Mathew Paul Young buru duen miliziak eta beste hainbat taldek egin dute erasoa.

Sudan Askatzeko Armadaren mugimenduko buru Babni Munitiulek, bestalde, nabarmendu du erasoen ostean indar armatuek hartu dutela hiriaren gaineko kontrola, eta miliziak beste eremu batzuetara mugitu direla, inguruaren eta herrialde osoaren kontrola ere lortzeko asmoz. Hego Sudan «ustelkeriatik eta arraza bereizkeriatik» askatu nahi dutela argitu du, hori baita Sudanetik berriki bereizi den herrialdeko gobernuak aurrera daraman politika haren hitze-tan.

Munitiulen arabera, gainera, Ameriketako Estatu Batuek egin duten eskaintza —Hego Sudaneko Gobernuaren eta matxino taldeen artean bitartekari lanak egitea— erabat onartu dute haiek, eta gobernuari egotzi dio arazoan konponbiderik jarri nahi ez izatea. «Gobernua zalantzati dago, talde armatuekin zuzeneko harremanak eduki nahi dituela esan baitu, baina era berean milizianoen matxinada geldiaraz dezakeela uste du», nabarmendu du Munitiulek.

Hego Sudanek uztailean lortu zuen independentzia, baina estatu berriak gogor dirau borrokan herrialdeko indarkeria amaitzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.