HEGOAFRIKA. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Gehiengo osoa galdu du Zumaren ANC alderdiak Legebiltzarrean

Lehen zenbaketen arabera, botoen %66 lortu ditu Jacob Zumaren alderdiak; beraz, berea izango da Hegoafrikako presidentetza

arantxa elizegi egilegor
2009ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Azkenean iragarritakoa bete da, baina ez espero bezala. Zalantzarik ez dago Hegoafrikako hurrengo presidentea nor izango den, ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdiko buruzagia, Jacob Zuma, alegia. Baina ez dago argi zenbat diputatu izango dituen alderdiak Legebiltzarrean. Horrek, ordea, ez zizkien ospakizunak zapuztu atzo Johannesburgon bildutakoei. «ANC lehoi baten gisakoa da, ez da inoiz %60tik behera geratuko», nabarmendu zuen Zumak.

Lehen datuen arabera, botoen %66 lortu ditu ANCk -%70 behar ditu gehiengo osoa eskuratzeko-. Bigarren tokian ageri da, aldiz, DA Aliantza Demokratikoa (oposizioan dago), botoen %18rekin -lehen %12,5 zituzten-. Azken horrek Lurmutur Mendebaldearen jabetza kendu dio ANCri, Hegoafrikako eskualde aberatsena bereganatuta. Ondorioz, pozik agertu da Aliantzako buru Hellen Zille. «Lurmuturtarren botoen %50 lortzetik gertu gaude, aurreko hauteskundeetako bikoitza».

Gustura egon daiteke Thabo Mbeki presidente izandakoa ere, hirugarren tokia bereganatu baitu botoen %8rekin. ANCtik banatu eta COPE Herriaren Kongresua sortu berri du Mbekik. Iazko irailean presidente kargua utzi zuen Mbekik, Zumaren aurkako ustelkeria auzia berriz irekitzeko presio egin zuela jakin ostean. Berak akusazioa ukatu zuen arren, alderdikideek estu hartu zuten dimisioa eman zezan.

Hiriburuan azken emaitzak jakin aurretik hasi ziren garaipena ospatzen ANCren jarraitzaileak. Zuma presidente irakur zitekeen Johannesburgon bildutakoek zeramatzaten karteletan. «Zumarengan sinesten dugu, zuzena delako. Ez du sugeek bezala jokatzen», zioen Te Ngubanek, 52 urteko administrari batek. ANCko jarraitzaile askok Nelson Mandelaren parekotzat daukate Zuma, baina beste askok ez dute uste ekonomia krisia gainditzeko gai izango denik.

Apustu nagusiak

Afrikako herrialderik garatuena da Hegoafrika, baina han ere izan du eragina ekonomia krisiak. Hamasei urtez aurrerantz egin ostean, apartheid-az geroztikako lehen atzeraldia izateko arriskua dute. Langabezia da horren ondorio nagusia. Iturri ofizialen arabera, langabezia tasa %21,9koa da, baina adituen esanetan %40ra ere irits daiteke. Urteotan garapen ekonomikoa izan da ANCren helburu nagusia, eta zenbait urrats ere egin dituzte bide horretan. Baina, askoren iritziz, motelegi mugitu dira agintariak.

Bestetik, hiesak gogor jo du Hegoafrikako gizartea, eta azken urteetan zabaldu ere egin da, aurreko garaiekin alderatuta. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 5,7 milioi lagunek dute GIB birusa -herritarren %12-, eta egunero mila lagun inguru hiltzen dira hiesarekin lotutako osasun arazoen ondorioz.

«Asko espero dugu: eskolak, etxeak, lana... Ohartzen gara ekonomia arazoak daudela, baina ziur gaude lortuko dugula», dioPrecious Mosianek, 25 urteko langabeak. Apartheid-a desagertu zenetik ANCk irabazi ditu beti hauteskundeak, baina orain arte segurua izan du gehiengo osoa. Dena den, maiatzean egingo dituzten presidentetzarako bozetan Zumak nahikoa du Legebiltzarrean gehiengo sinplea eskuratzea.

Esker ona

ANCren bulegoen aurrean bildutako jendeak txaloka hartu zuenHegoafrikako presidente izango dena. «Nire esker ona helarazi nahi dizuet gaur lortutakoagatik. Herrialde honetako hautesleengana joan ginen, haiekin hitz egiteko eta gure politika azaltzeko asmoz, eta haiek ulertu egin gintuzten», adierazi zuen Zumak garaipenaren berri jakin ostean egindako lehen agerraldian. Alderdiaren barne gatazkek eta ekonomia krisiak eragina izan dute bai parte-hartzean eta baita botoen banaketan ere. Horiek hala, parte-hartzea orain arteko altuena izan da, %77koa. Horixe izan da, hain zuzen ere, Zumari presidentetzarako ateak zabaldu dizkiona.

Estatuko buruzagitza lortu orduko, Konstituzioa aldatzea da Afrikako Kongresu Nazionalaren asmoetako bat, baina Legebiltzarrean gehiengo osoa eskuratu ezean, beste taldeetako diputatuen laguntza beharko du horretarako. Zenbait iturriren arabera, legedia aldatuta bere aurkako auziak saihestu nahi ditu Zumak. Orain arte eroskeriarekin lotutako hainbat akusaziori egin behar izan die aurre. Dena den, zaila izango du beste inoren sostengua jasotzea, trukean beste ezer eskaini ezean behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.