Hegoafrikako eta Interpoleko poliziaburu ohia epaitzen ari dira Johannesburgon

2005a arte droga trafikatzaileen dirua onartu izanaz, eta hari argibideak emateaz akusatzen dute

Erredakzioa
2009ko urriaren 6a
00:00
Entzun
2000 eta 2008. urteen bitartean Hegoafrikako poliziaburu eta 2004tik 2008ra Interpol Nazioarteko Polizia Erakundeko buru egondako Jackie Selebiren aurkako epaiketa atzo hasi zuten Johannesburgoko Auzitegi Gorenean. Selebi ustelkeriaz eta auzibide bati eragozpenak jartzeaz akusatzen dute.

Glen Agliotti droga trafikatzaileak adiskide zuela aitortu zuen, eta hari laguntzeaz, eta ordainean dirua jasotzeaz akusatzen dute Selebi. Zehazki, Fiskaltzaren arabera, polizia agintari ohiak 107.000 euro inguru kobratu ditu Glen Agliottiren eskutik. Diru horren truke, betiere akusazioaren arabera, gaizkilearen kontra irekitako ikerketak trabatu egin ditu, eta Glen Agliottiri isilpeko datuak ere helarazi dizkio.

ANCko buru

Selebik akusazio horiek arbuiatu egin ditu epaiketaren lehen egunean. Dena den, auzia doi-doi hasi eta gaur arte atzeratu egin zuten. «Bazterrak astinduko eta hautsak handizki harrotuko dituzten informazio batzuk lau haizeetara zabaltzerat prest nago», ohartarazi du, anartean, akusatuak.

Izan ere, Jackie Selebi ez da auzipetu arrunta. ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdiko goi arduradunetako bat izan da, eta 1995. urtean NBE Nazio Batuen Erakundean Hegoafrikako enbaxadore izendatu zuten. 2004an, berriz, Interpol Nazioarteko Polizia Erakundeko zuzendari nagusi aukeratu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.