Hegoafrikako Poliziak esan du bere burua «babesteko» hil zituela 34 meatzariak

Polizia Independenteko Ikerketa Zuzendaritzak ikerketa bat hasi du, poliziek zuzen jokatu zuten edo ez jakiteko

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Hegoafrikako Poliziako buru Riah Phiyegak adierazi du poliziek Marikana probintzian indarra erabili behar izan zutela eta «euren burua talde erasotzaileetatik babesten» aritu zirela une oro. Hala ere, IPID Polizia Independenteko Ikerketa Zuzendaritzako bozeramaile Moses Dlaminik adierazi du tiroketa ikertzen ari direla, manifestariek «sortutako arriskuaren aurrean» poliziek zuzen jokatu zuten edo ez jakiteko. Polizia Ministerioko bozeramaile Zweli Mnisik adierazi du, halaber, sindikatuei eta alderdi politikoei dei egin diela «ikerketa independentea» egiten parte hartzeko.

Joan den ostegunean, gutxienez 34 langile hil zituen Poliziak Lonmin Erresuma Batuko enpresaren platino minatik gertu, Johannesburgotik ehun kilometrora. Sindikatuen arabera, 36 izan ziren hildako meatzariak. Horretaz gain, Phiyegak adierazi du 80 lagun inguru zauritu zituztela eta 250 herritarretik gora atxilotu. 3.000 meatzari inguru daude lehengo astetik greban, soldata igoera eskatzeko, eta protestan ari ziren Marikanako meatzearen ondoko muinoan. Enpresak ekoizpena gelditu egin zuen joan den astean, AMCU Meatzeetako eta Eraikuntzako Langileen Elkartea eta NUM Meatzarien Batasun Nazionala sindikatuen arteko lehiagatik.

Bi sindikatuak ez dira ados jarri meatzeetako langileen baldintzak hobetzeari dagokionez. Afiliatu gehien NUMek du, eta horrek salatu du grebaren ondoren lanera joaten saiatu ziren langileei eraso egin zietela AMCUko kideek. Igandean, berriz, manifestariek bi zaindari hil zituzten, haien autoari su emanda. Eta astelehenean, meatzarien eta polizien arteko istiluetan, bi langile eta bi polizia hil ziren. Horregatik, Hegoafrikako segurtasun indarrek manifestariak kontrolatzeko operazioa jarri zuten martxan.

Herenegun, AMCUk deitutako manifestazioa egiten ari zirela, talde batek polizia lerroa zeharkatzea lortu zuen. Hegoafrikako Polizia ministro Nathi Mthethwak adierazi du poliziak manifestariak sakabanatzera joan zirenean eraso egin zietela lantzak, aihotzak eta su armak erabiliz. Mthehwak jakinarazi du «Poliziak ahal zuen guztia» egin zuela, baina meatzariek «borrokatzeko prest» zeudela erantzun eta uko egin ziotela alde egiteari.

Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak adierazi du «zirrara eta atsekabea» sentitu duela meatzarien heriotzarengatik, eta gertatua «zentzugabeko indarkeria» izan dela gaineratu du. Zumaren hitzetan, herrialdeko «sistema demokratikoak nahikoa aukera» uzten du halako gatazkak «indarkeriarik eta lege urratzerik» gabe konpontzeko. Presidenteak jakinarazi du meatzarien heriotzaren inguruko ikerketa batzordea sortuko duela.

Nazioartearen esku hartzea

AMCUko buru Joseph Mathunjwak, berriz, meatzarien hilketa gaitzetsi du, eta Lonmineko zuzendaritza, NUM eta Polizia egin ditu erantzule. Aste hasieran enpresako zuzendaritzak langileei hai ennahiak beteko zituela hitzematen zien dokumentuak aurkeztu ditu Mathunjwak, eta konpromisoak ez betetzea leporatu dio enpresari. Komunikabideei, berriz, Lonmineko lan gatazka bi sindikaturen arteko lehia modura azaldu izana aurpegiratu die. PIDIk ikertzeari ekin eta Zumak ikerketa batzordea sortuko duela iragarri badu ere, Mathunjwak nazioartearen esku hartzea eskatu du, beharrezkotzat jo baitu «Hegoafrikako Gobernuak gidatu gabeko» ikerketa izatea.

Enpresako zuzendaritzak, bere aldetik, herrialdean dituen meatze guztietako jarduera eten du. Horrek esan nahi du munduko platino ekoizpenaren %12 bertan behera geratu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.